Edesa Industrialek bere marka erabiltzen ez segitzeko auzi eskea aurkeztu du Fagorrek

Iker Oñate 2017ko abe. 15a, 18:49

“Edesa Industrialek konpromisoak ez dituelako bete” hartu du erabakia Fagor Kooperatiba Elkarteak. Gaur goizean –egubakoitza– aurkeztu du auzi eskea, Donostiako Merkataritza alorreko Epaitegian.

Hitzartutakoa bete ez izana egozten dio Fagor Kooperatiba Elkarteak Edesa Industriali. Prentsa ohar bidez azaldu dutenez, azken horrek ez ditu markaren erabileraren eta posizionamenduaren gainean adosturikoak bete. Horrez gain, lanpostuen inguruan hitzartutakoari ere erreparatu dio: “Ez ditu akordio ekonomikoak ordaindu, ezta lanpostuak sortzearen inguruan sinatutakoa bete”.

Bestetik, Edesa Industrialen jardunak Fagor markan izandako eragina gogorarazi dute: “Edesa Industrialek ez darabil marketing politika zuzena, eta, horrek, kalte egiten die Fagor marka darabilten beste kooperatibei, kontratu batzuk galtzeko arriskuan egoteraino”. Horri dagokionez, gaineratu dute hartzekodunen konkurtsoan egoteak ere ez diela mesede egiten. Gaur-gaurkoz, bost kooperatibek darabilte marka –zortzi dira guztira–.

Gauzak horrela, Epaitegiak arrazoia ematekotan, Edesa Industrialek ezingo luke Fagor marka erabiltzen jarraitu, “salbuespen batzuekin”. Alegia, stockean dituzte produktuak saltzeko eta bezeroei euskarri teknikoa eskaintzeko besterik ezingo luke Fagor marka erabili Edesa Industrialek.

Gutxienez 350 lanpostu

Sinaturiko hitzarmenean, urteko langile kopurua gutxienez 350ekoa izateko konpromisoa hartu zuen Edesa Industrialek. Fagorreko iturrien esanetan, kontratua bertan behera uztea eragingo zukeen baldintza hori ez betetzeak. Horrez gain, lanpostuak babestera bideratutako kontrapartida ekonomikoak ezarri zitzaizkion, “700 lanpostu baino gehiago sortzea aurreikusten zuen plana betetzen ez bazuen, beti ere”. Hori beteko balu, ostera, Edesa Industrialek ez luke ezer ordaindu beharrik izango marka erabiltzeko eskubideen truke.

Aurrera begira

Fagorreko iturriek baieztatu dute auziak ez lukeela ezinbestean etorkizunean akordioak sinatzeko aukera baztertzea ekarriko. “Erabakitzeke dugu aurrera begira zer egin halako hitzarmen proposamenekin”, diote. Eta azaldu dute eskura dutela Edesa Industrialek aste honetan aurkezturiko aurrera begirako bideragarritasun plana, "aztertzeke oraindik".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak