Unibertsitate-eremuko jazarpen sexista eta indarkeria matxista aztergai Huhezin

Eneko Azurmendi 2017ko abe. 11a, 16:41

Emakundek antolatzen duen Berdintasunerako Gunearen markoa baliatuta, unibertsitate-eremuan ematen diren jazarpen sexista eta indarkeria matxistari buruz gogoeta egiteko jardunaldiak egin dituzte Huhezi fakultatean, Elhuyarrek eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean antolatuta.

Izan ere, bi entitate hauek PLOTINA (Promoting Gender Balance and Inclusion in Research, Innovation and Training) izeneko Europako proiektuko kide dira. Egitasmo horren bitartez, emakume ikerlari gehiago egon daitezen sustatu nahi da, emakumeen karrera profesionalak sustatu eta egiten den ikerketaren diseinu, garapen eta ebaluazioan, genero-ikuspegia txertatu.

Horretarako, Europako sei ikerketa-zentrotan izaera berritzailea izango duten berdintasun-planak lantzen ari dira. Berdintasun-plan horietan, landu beharreko gaien artean dago, hain justu, sozializazio bitarrean eta genero-ezberdintasunean jatorria duen jazarpena eta indarkeria.

Susana Manzanedo Sortzen aholkularitzako kideak aitortu du gizartean oso presente dagoen gai bat dela hau, eta ondorioz, baita unibertsitatean ere. Beraz, unibertsitateak esku-hartzea bermatu beharko lukeela uste du. Horretarako protokoloak "oraindik eratzen" ari direla dio Manzanedok.

Aurrerantzean, dio, erronka nagusia prebentzio lana izango dela, unibertsitate-eremuan ikasleek euren egunerokoa segurtasun osoarekin egin dezaten. Horretan unibertsitateek badute zereginik, Manzanedoren esanetan. "Unibertsitateak paper proaktiboa izan behar du, pertsonak formatzeko helburu horretan parte izan behar du, ikasleek jazarpena jasan ez dezaten", azpimarratu du.

Manzanedoz gain, Jokin Azpiazu ikerlaria eta soziologoa, Carlos Garcia Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile orokorra eta Nagore Arin ikaslea izan dira jardunaldiko hizlariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak