Gaur eta bihar 600-500 metrora jaitsi daiteke elur maila, hori dela eta, egun horietarako abisu horia ezarri du Euskalmetek. Egubakoitzerako berriz, abisu laranja aktibatu du, elur maila 500 metrotik behera kokatuko delako -200 metrora iritsi daiteke-.
Abenduaren 1a, egubakoitza
200-400 metro ingurura jaitsiko da elur maila -goizeko lehen orduetan gorago kokatuko da-. Aurreikusitako lodierak honakoak dira: 1.000 metrora 20-50 zentimetro izango da, 600 metrora 10-25 zentimetro eta 200 metroko altueran 0-2 zentimetro.
Horretaz gain, abisu horia ere ezarri du Euskalmetek egubakoitzean egongo diren prezipitazio iraunkorrengatik; zaparrada txiki-ertainak botako ditu, eta trumoi-ekaitzak eta txingorra ere egingo du. Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 60 l/m2 baino gehiago pilatu daiteke.
Iparraldeko haize ahula ibiliko da, bolada gogorrekin egunaren lehen partean. Tenperaturari dagokionez ez da asko jaitsiko; izotz gutxi egingo du barnealdeko zenbait lekutan eta asko mendi inguruetan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren gomendioak
Bidaiatuz gero:
• Errepideko egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa aurretik eskatu. Euskalmetera jo, edota deitu Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzako telefonora: 011
• Eguraldia benetan txar-txarra bada, hobe da bidaian ez atera. Ahal dela, erabili garraio publikoa.
• Alabaina, bidaiatzea ezinbestekoa baduzu, ziurtatu pneumatikoak, galgak eta izotz-kontrakoa ondo daudela, kateak beti eraman, erregai-tanga bete eta hartu berokiak. Ahal baduzu, telefonoa eraman beti; are gehiago, bigarren mailako errepideetan gidatu behar baduzu. Neguko pneumatikoak erabiltzea komenigarria da
• Poliki ibili, izotz-plakarik balego adi; batez ere, laiotzean.
• Aurreko autoari tarte handia lagata ibili, normalean uzten den tartea baino handiagoa.
• Ez aldatu noranzkoa tupustean. Bolanteari gozotasunez eragin.
• Izotza dagoen zonaldera sartzean, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.
• Izotza edo elur gogorra topatuz gero jarri kateak, baita zirkulazioko agenteek agintzen dizutenean.
• Irratia oso lagungarria izan daiteke une oro ondo informatuta egon nahi izanez gero.
Mendira baldin bazoaz:
• Hobe litzateke mendiko txango eta ibilaldiak bertan batera uztea. Irtenez gero, nondik nora ibiliko zaren esanda utzi.
• Joan nahi duzun lekurako zer eguraldi-aurreikuspen dauden jakin, eta kontuan hartu ez dela harritzekoa mendian eguraldia bat-batean aldatzea.
• Eraman ekipamendu eta arropa egokia. Motxilan erretserbako jan-edanak eraman.
• Aukeratu leku egokia, zure sasoiaren, praktikaren eta lekuaren arabera. Ez eman balio handiegirik zure egoera fisikoari ezta zurekin doazenen egoerari ere ez, batez ere umeak badira.
• Ahal baduzu ez joan bakarrik, eta ahal izanez gero, eraman telefono mugikorra.
• Aurrez jakizu aterpe edo bordak non dauden, tenperatura asko jaitsi, ekaitza lehertu edo bestelako arazo meteorologikorik izango balitz ere babestu ahal izateko.
Etxean:
• Kontuz ibili berogailu lagungarriekin (estufa edo sutontziekin), ezustekoren bat gerta daiteke eta.
Larrialdietan hartu beharreko neurriak:
Elurretan ibilgailuaren barruan geratzen bazara:
• Ez atera autotik, denboraleak barruan zaudela harrapatzen bazaitu.
• Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki; tarteka, berriztatu airea.
• Saiatu loak ez hartzen. Tapakiren bat eskuratu, eta bero jantzita ibili.
Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.