Aurrez zekitenetik abiatu dira, kalean entzundakotik, edota zenbait hitzaldi eta txostenetatik jasotakotik. Ondoren, indarrean dagoen legearekin alderatu dute, eta zenbait ondorio atera dituzte.
Ondorio nagusietako bat da Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren oinarrizko laguntza txikiegia dela."Prestazio hau oso positiboa iruditzen zaigu. Hala ere, ematen den diru kantitatea txikiegia da bizitza normalizatu bat aurrera eraman ahal izateko", adierazi du batzordeko kide Pilar Etxanizek.
Uste dute urtez urte Kontsumo Prezioen Indizearekin batera igo beharko litzatekeela, eroste-ahalmena bermatu ahal izateko.
Horrez gain, prestazio hau jaso ahal izateko gutxieneko adina 18 urtera jaistea egokiagoa litzatekeela uste dute. Izan ere, gaur egun, 23 urte eduki behar dira gutxienez prestazio hau jasotzeko.
Bestalde, hausnarketa prozesu honetan, batzordea konturatu da badagoela herritar kopuru bat laguntza hau jasotzeko eskubidea daukana, baina ez duena eskatzen. "Batetik, izan daiteke ezjakintasuna, informazio falta. Bestetik, lotsatu egiten dira, egoera behartu baten egotea euren kulpa izango balitz bezala. Beraz, lotsa albo batera utzi eta laguntza eskatzera animatzen ditugu", azaldu du Etxanizek.
Hori dela eta, erakundeei saiakera berezi bat egiteko eskatzen diete, eskubide hau benetan bermatu dadin.
Batzordeko kideak pozik azaldu dira egindako lanarekin, "gure arteko lan giroa positiboa, konfiantzazkoa eta parte-hartzailea izan delako eta elkarri entzunda, elkarrekin ikasi dugulako".
Sozializatzeko konpromisoa
Azkenik, azaldu dute sisteman aldatu nahiko lituzketen alderdi batzuk identifikatu dituztela eta egindako hausnarketak eta ondorioak sozializatzeko konpromisoa hartu dute.
Hori dela eta, adierazi dute Eusko Jaurlaritza arlo honetan egitekoa den erreforma gertutik jarraituko dutela, eta eskatu dute aldaketek ez dezatela murrizketarik eragin familiek eta norbanakoek jasotzen duten laguntzetan.
Informazio gehigarri moduan, zenbait datu eman dituzte: EAEn, DBE kobratzen dutenen artean, %57,4 emakumeak dira, %25,9 pentsiodunak eta %72,8 autoktonoak.