2015etik hona 100 istripu Epele-Eroski tartean

Xabi Gorostidi 2017ko aza. 17a, 15:31

EH Bilduren ustez, kopuru "kezkagarriak" dira, eta istripuak gutxitzeko neurriak jartzeko eskatu die Batzar Nagusiei; Azpiegitura Sailak, berriz, dio tarte horretako arrisku-indizea ez dela handia, ez baita istripu ugariko bide-zati izatera heltzen

EH Bilduk Batzar Nagusietara eraman du Kataideko bihurgunearen gaia. Arrasateko Udal taldearen ekimenez aurkeztu zuen gaia Iban Asenjok, EH Bilduko batzarkideak. Puntu horretan istripuak ohikoak direla ikusita, datu konkretuak eta konponbideak eskatu zizkioten Foru Aldundiko Azpiegitura Sailari. Euren iritziz, gune hori berriz asfaltatzeak, peralteak jartzeak edota abiadura neurtzeko radar bat jartzeak istripu kopurua gutxituko luke.

Aldundiaren erantzuna

Foru Aldundiko Azpiegitura Sailaren lehen erantzunak zioen EH Bilduk aipatutako bihurgune horretan istripu bakarra izan zela, eta ez zela neurriak hartzeko moduko datua. Baina datua okerra zen, eta Aldundiak beste erantzun bat emango zuela jakinarazi zuen. Batzar Orokorretako azken osoko bilkuran landu zuten gaia berriz, eta bertan, Herrizaingo Sailak emandako datuak landu zituzten. EH Bilduren eskaria Kataideko bihurgune konkretuari buruzkoa izan arren, Azpiegitura Sailak Epeleko eta Eroskiko biribilguneen artean emandako datuekin erantzun zuen. Horien arabera, 2015etik 2017ko abuztura arte 100 istripu izan dira GI-627 errepide tarte horretako bi noranzkoetan. EH Bilduren ustez, 100 istripuko zifra hori "kezkagarria" da, eta, hain zuzen ere, ondorengo bi ebazpen proposamenak egin dizkiote Foru Aldundiari: lehena, Arrasateko GI-627 errepidean gertatzen ari den istripu kopuru handiari aurre egiteko, bere eskumenen barruan, lehenbailehen, neurriak har ditzala, hala nola asfalto egokia jarrita edota peralte berria sortuta. Eta bigarrena, bere eskumenez gain egon litezkeen beste neurri batzuk Arrasateko Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailarekin adostu eta koordina ditzala.

"Arrisku indizea ez da altua"

GOIENAk datuak kezkagarriak iruditzen zaizkien galdetuta, hauxe erantzun du Azpiegitura Sailak: "Errepideen arrisku maila neurtzen duen istripu ugariko bide-zati indizearen arabera, arrisku-indizea ez da handia zati horretan". Ertzaintzaren esanetan bertako istripuen eragile nagusia gehiegizko abiadura dela esan zuten.

Datuak aztertu ostean, ondorengo neurriak iragarri dituzte: "Bide zati hori 2017ko zoruak auskultatzeko kanpainan sartu da, zoruak benetan zer egoeratan dauden egiaztatzeko. Lortzen diren datuen arabera, 2018ko zoru-kanpainan sartuko ahalko da. Edozelan ere, aipatu beharra dago 2016ko uztailean, 38. eta 39. puntu kilometrikoen artean zorua birgaitu egin zela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak