Mondragoneko hainbat zuzendarik lekuko gisa deklaratuko dute epaiketan

Miren Arregi Amasorrain 2017ko aza. 15a, 16:13

Ordainduk eta Eskuratuk Mondragonen kontra ipinitako demandaren epaiketa aurreko entzunaldia egin da gaur goizean Bergarako auzitegiko Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko epaitegian. Ez da epaiketarako datarik zehaztu, baina 2018 maiatzean egingo dela espero da. Bi aldeek, argi utzi dute bereari eutsiko diotela. Langile ohiek 47 millioi euro erreklamatzen dizkiote Mondragoni.

Besteak beste, lekuko gisa deklaratuko duten pertsonak zehaztu dituzte gaur, bai eta epaiketa egunean proba gisa erabiliko den dokumetazioa ere. Hamaika lagun deituko ditu epaileak deklaratzera, guztiak ere, Mondragoneko zuzendariak edo zuzendari ohiak. Tartean daude, Jose Mari Aldekoa, Txema Gisasola, Javier Sotil, Javier Retegi, Agustin Markaide eta Xabier Bengoetxea.

Epaiketa Donostian edo Bilbon egingo da, demandatzaile kopurua –900 pertsonatik gora dira– eta gaiak izan dezakeen interes mediatikoa kontuan hartuta, Bergarako epaitegia txiki geldituko litzatekeelako.

"Engainatu" zituztela

Ordainduko eta Eskuratuko abokatuek orain arteko estrategia berretsi dute. Alegia, Mondragonek ez zituela Fagor Electrodomesticos eta Edesa lantegien benetako egoeraren jakitun egin langileak eta "engainatu" egin zituztela. Gaineratu dute Kooperatibako arduradunek bazekitela enpresa biak itxi egingo zirela eta engainatu egin zituztela aurrezkiak bertan mantendu zitzatzen.

"900 pertsona horiek hartu bazuten gutako edonork horrelako egoera baten aurrean izango lukeen jarrerarekin bat ez datorren erabakia, alegia, zuek entzungo bazenute telebistan edo irratian, aurrezkiak gordeta dituzuen bankuak zailtasunak dituela, aurrezkiak atera egingo zenituzkete. Pertsona horiek guztiek ez bazuten jokatu edonork norbere aurrezkien aurrean jokatuko lukeen moduan, izan zen, norbaitek esan zielako lasai egoteko, zainduko zituztela", adierazi du Ordaindu/Eskuratuko abokatu Raúl Tenések. 

Demandaren planteamendua, "erabat faltsua" 

Mondragoneko abokatuek, bestetik, demandaren planteamendua, alegia, Mondragonek demandatzaileak engainatu zituela dioen hori, erabat faltsua dela adierazi  dute eta berretsi dute, kooperatibak autonomoak eta subiranoak direla eta horietako bakoitza dela bere erabaki enpresarialen erantzule.

Honela mintzatu da gaur goizean Mondragoneko abokatu Arantza Estefania: "Mondragonek demandatzaileak engainatu egin dituela, horixe da demandaren oinarria. Eta engainu hori oinarritzen dela Mondragoneko Urteko txostenetan, aldizkari bateko artikulu baten eta Gisasola jaunaren adierazpen batzuetan. Eta horretaz, gaur arte ez dago inolako probarik, argi esanda, ez delako egia. Aurkeztu diren dokumentu guztietan, eta ehunka aurkeztu dira, ez dago bakar bat ere hori agerian uzten duena. Beraz, eta horregatik bakarrik, demanda ezetsi egin beharko litzateke".

Ahozko epaiketaren data, laster jakinaraziko da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak