Robotika, hiru urtetik aurrera

Jokin Guridi 2017ko aza. 8a, 12:21

Gabonak gerturatzen joan ahala umeentzat didaktikoak izan daitezkeen jolasak non aurkitu pentsatzen hasten dira pertsona batzuk, eta horien artean, baita teknologiarekin lotutakoak ere. Teknologiarekin harremana estutzeko modu bat robotak dira, mekanika, fisika eta programazioaren lehen hastapenak ematea errazten baitute jolasaren bitartez. Jarraian, ezagunenez gain dauden beste hainbat alternatiba aipatzen dira ekoizleak gomendatzen duen adinaren arabera.

Adin guztietan hurbildu daiteke pertsona bat robotikara. Badira hainbat jolas adin tarte desberdinetakoek erabili dezaketenak robotikarekin lotuak, eman nahi zaion konplexutasunaren arabera eta norberak duen jakintzaren arabera. Zowi da horietariko bat, eta ez nahastu trap abeslariarekin BQ etxeko plastikozko robota. Lau urtetik aurrera erabili daiteke, urrutiko kontrola ulertzetik Bitbloq hizkuntzan programatzerainoko aukerak ematen baititu. Beste robot bat Alpha 1S izan daiteke, mugikorretik kontrolatu eta bere kodea programatu daitekeena. Makey Makey da beste aukera bat, eroalea den edozer gauzarekin programazioa ikasteko kita, edo Cubelets, kubo desberdinen konbinazioaz abiarazleak, sentsoreak eta bestelako elementuak erabiltzen ikasteko jolasa. 

Hiru urtetik bost urtera bitartean haurrak kausa-ondorio harremana ulertzen hasten dira eta hau da, hain zuzen ere, robotikaren lehen oinarria. Oinarri hau barneratzeko, hainbat jolas daude teknologiarekin zerikusia dutenak. Bee-Bot adibidez, ezeren aurka jo gabe ibilbide bat egin behar duen erlea da eta bizkarrean duen gezien bitartez kontrolatzen da. Codi-oruga berriz, modulu desberdinez osatutako beldarra da, eta modulu kopuruaren eta ordenaren arabera jarrera desberdina izango du, norabidea eta norantza aldatuz. 

Txikienak alde batera utzita, zazpi eta hamar urte artekoentzat ere badira robotika jolasak. Haur hauek kodea nola eraikitzen den ulertzen hasi daitezke, adibidez, Lego WeDo 2.0 edo Jimu Explorer bezalako jolasen bitartez. Jolas hauek mugimendu desberdinak programatzen ikasteko egokiak dira eta mugikor, tableta edo ordenagailuaren bitartez programatu daitezke modu erraz batean, bloke desberdinetan oinarritutako programazioari esker.

Nerabezaroaren atarian, hau da, hamaika eta hamahiru urte bitartean, jostailuen konplexutasuna hazten doa. Gaitasun mekanikoak lantzeko, Hexbug Vex Strandbeast erabili daiteke adibidez robot erraldoi bat sortzeko bere 400 piezen bitartez. Diseinu gaitasunak lantzeko berriz, ToyBox bezalakoak erabili daitezke, 3D inprimagailu txiki bat non haurrek beraien jolasak diseinatu eta inprimatu ditzaketen. Adin honetatik aurrera ere hasi daitezke Lego Mindstormekin jolasean, azken hau izanik aukera eta konplexutasun maila gehien eskaintzen dituena. Meccano klasikoak ere pasa dira robotikara Meccanoid modeloetan. 

Azkenik, 14 urtetik aurrerako nerabe eta baita helduek ere izan ditzakete jolaserako aukerak. Hauek konplexuagoak bihurtzeko gaitasun handiagoa dute eta orokorrean tutorial eta laguntza zerbitzuez osatzen dira. Adibidez, Arduino sisteman oinarritzen den mOwayduino, kode irekiko robot txiki bat marraztutako marrak jarraitzeko edo argiaren intentsitatearen arabera gerturatu edo urruntzeko programatu daitekeena, edo beste gailu batzuekin komunikatzeko gaitasuna ere baduena. Edo Kano, Raspberry Pi batean oinarritutako jolasa, non norberak bere ordenagailua eraiki dezakeen. 

Robotika jolas didaktikoen munduan gero eta gehiago sartzen ari den diziplina bat da eta hurrengo urteetan eskaintza areagotzea espero da. Agian, gurasoak ere hasi beharko lirateke robotika eta programazioaren oinarrizko ezagutzak eskuratzen, haurren jostailuak ulertu eta beraiekin batera jolastea nahi badute behintzat. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak