856,5 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du Foru Aldundiak 2018rako

Mirari Altube Arrese 2017ko urr. 31a, 17:52

Jabier Larrañaga, Eider Mendoza eta Markel Olano, aurrekontu proiektuarekin.

2018rako aurrekontu proiektuaren berri eman du Aldundiak: 856,5 milioi euro. Aurten baino 18,6 milioi euro gehiago proposatu dituela adierazi du, hau da, %2,2ko hazkundea izango duela. 

Markel Olano diputatu nagusiak adierazi du "etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzen hasteko aurrekontuak" direla. Lehentasunen artean Etorkizuna Eraikiz programaren baitan kokatutako proiektu estrategikoak daudela adierazi du Olanok, eta hain zuzen 10,4 milioi euro aurreikusi dituzte horretarako. Proiektu estrategikoen artean dituzte besteak beste, zibersegurtasun industrialeko zentroa edota Pasaiako zahartzaroaren arretako erreferentziazko zentroa. Horiekin batera, ekonomia sustapena, gizarte politika eta zerga iruzurraren aurkako borroka direla 2018rako foru aurrekontuaren lehentasun nagusiak adierazi du.

Ia erdia gizarte politikara

Gizarte politikara ere "inoiz baino baliabide gehiago" bideratuko dituztela adierazi du, aurtengo zuzkidurari beste 13,3 milioi euro gehiago batuta datorren urtean. Aurrekontuaren ia erdia (%47,48) zerbitzu sozialei dagokiela argitu du eta biztanleko 525 euro inbertituko direla datorren urtean esparru honetan.

Ekonomiari dagokionez baikor azaldu da Olano: "Legealdi hasieran ia bikoiztu egin genuen Ekonomia Sustapeneko departamentuaren aurrekontua eta martxan jarri genuen Ekonomia Suspertzeko Plana, 200 milioiko inbertsioa gure ehun ekoizlea indarberritzeko", eta Gipuzkoako enpresa ehuna babesten jarraitzeko asmoa agertu du.

Gastuak gora

Gastuak ia departamentu guztietan egin duela gora azaldu du, eta "aldaketa nagusienak" Ogasun eta Finantza departamentuan eta Bide Azpiegituretan daudela. Foru Ogasunaren kasuan 11 milioiko hazkundea aurreikusi dute, horietatik 9 milioi "GHKn utzitako nahastea" konpontzeko erabiliko dela esanaz, eta Aldundiko ordezkariek azaldu dute: "Duela bi legealdi, Europako Inbertsio Bankuak mailegua eman zion Gipuzkoari hondakinen kudeaketarako azpiegitura eraikitzeko; pasa den legealdian, ordea, proiektua gelditu eta maileguaren zati bat beste ekimen batzuetan erabili zen. Orain, Ogasuneko departamentuaren 9 milioi euroko zuzkidura gehigarriak arazo hau konpontzea du xede".

Bide Azpiegituren departamentuaren kasuan, beherakada izango da Bidegiri kapital handitzerik ez diotelako egingo: "Pasa den urtean 21 milioi bideratu genituen foru sozietate honetara Antzuola-Bergara errepidearen proiektua bultzatzeko. Aurten, Bidegi gai da bere kabuz ekimena finantzatzen jarraitzeko".

Udalendako 488 milioi euro

Diru sarrerei dagokionez, 4.868,6 milioi euroko sarrerak aurreikusten dituzte Foru Aldundiko ordezkariek 2018an. Hori banatzerako orduan, zatirik handiena Eusko Jaurlaritzari dagokiola adierazi dute, 3.173,2 milioi; Aldundiak, esandako 856,6 milioi euroak izango ditu; eta udalek, ostera, 488 milioi, "inoizko zuzkidurarik handiena". Estatuak, Kupoaren bitartez, 351 milioi euro jasoko dituela jakinarazi dute.

Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza foru diputatuarekin batera aurkeztu ditu aurrekontuak diputatu nagusiak. Aurretik, Gobernu Kontseiluaren onespena jaso du proiektuak, eta ondoren, Batzar Nagusietan izan dira; Eider Mendoza presidenteari eman diote batzarkide taldeekin partekatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak