EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok adierazi du, sakonki aztertu behar dela Foru Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proiektua, baina lehenengo irakurketa orokorra eginez, oso deigarriak diren adierazleak daudela: "2018ko aurrekontu proiektua oso kaltegarria da Gipuzkoarako, bereziki herrialdeak 104 milioi euro gehiago eman beharko dizkiolako Espainiako Gobernuari, EAJk eta PPk Kupoaren inguruan hartutako akordioaren ondorioz". Aldundiak aurten jasotako 4.868 milioi eurotik, 351 milioiko ekarpena egin beharko diola Estatuari azaldu du, "iaz baino % 42,2 gehiago". Eta gaineratu: "Igoera hori oso kezkagarria da eta oso kaltegarria herritarron interesetarako, milioi horiek politika sozialetan edota Gipuzkoaren ekonomia sustapenean inbertitu beharrean, Madrilek eramango dituelako Urkullu eta Rajoyren arteko akordioari esker". Eta gainerakoek, ez dutela halako igoerarik izan adierazi du: aurrekontu propioak %2; Udalen Fondoak % 4; eta Eusko Jaurlaritzari egiten zaion ekarpenak %6.
Diru-bilketa datu "kezkagarriak"
EH Bilduko bozeramaileak gaineratu du diru-bilketaren inguruko datuak ere "kezkagarriak" direla: "Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga (% 36) eta Balio Erantsiaren Gaineko Zerga (% 41) dira diru-bilketaren zutabe nagusiak. Aldiz, Sozietateen Zergak % 6,24 besterik ez du jasotzen, eta Aberastasuna eta Fortuna Handien Gaineko Zergak % 1,48, iaz baino 7 milioi gutxiago. Horrek esan nahi du langileen bizkar areagotzen dela zama, aberatsenen ekarpena arinduz".
Era berean, ez dela egia Gizarte Politikako Departamentuak inoiz baino pisu handiagoa duela aurrekontuetan adierazi du, eta hainbat datu eman ditu: "Kudeaketarako aurrekontuaren % 47,48 bideratuko zaio aurten, hau da, 2012an (% 47,56), 2013an (% 48,10), 2014ean (% 48,76%) eta 2015ean (% 48,02) baino gutxiago. Datuek erakusten dute ongizate sistema indarra eta pisu erlatiboa galtzen ari dela Gipuzkoan EAJ-PSEren politikei esker. Horrekin batera, azpimarratzekoa da ekonomia sustapenera bideratzen diren inbertsioak izoztuta daudela, % 0,19 besterik ez baitira igotzen".
Ondorioz, EH Bilduren ustez, EAJ-PSEk 2018rako aurkeztutako aurrekontu proiektuak "ez die herritarren beharrei" erantzuten: "Bide horretatik, Estatuari ordaintzen diogun Kupoa nabarmen igoz, nekez aurreratu dezakegu erabakitzen eskubidearen garapenean".