Bertako familiak eta atzerritik etorritakoak, elkarrekin bazkaltzera

Goiatz Arana Begiristain 2017ko urr. 31a, 15:33

Azaroaren 19rako egin dute deialdia, Bizilagunak egitasmoaren barruan. Batzuen nahiz besteen etxean batu eta elkar ezagutzea da helburua, lasaitasunez eta giro informal batean. "Askotan badugu interesa beste herrialde batzuetako jendea ezagutzeko, baina ez gara ausartzen pauso hori ematera edo ez dakigu nola egin, eta horretan laguntzera datorren tresna bat da hau", adierazi du Debagoieneko SOS Arrazakeriako Nora Ugarteburuk.

Ez da ekintza berria; Bizilagunak egitasmoaren barruan bazkaritarako deia egiten den seigarren aldia da hau eta iaz, adibidez, Euskal Herrian, 235 bazkari egin ziren eta 2.615 pertsonak parte hartu zuten horietan. Kontua da, baina, zonalde batzuetan -Donostialdean, kasu- errotuta dagoen ekintza den moduan, Debagoienean ez duela orain arte erantzun handirik izan: "Bazkaritxo batzuk egin dira gure herrietan, baina ez asko, eta aurten gehiago izatea nahiko genuke. Bultzada bat eman gura diogu", azaldu du Ugarteburuk.

Izena emateko epea: azaroak 10

Azaroaren 19an, 14:00etan, egingo dira bazkariak eta hilaren 10era arte dago izena emateko aukera. Bi bide daude horretarako: telefono bidez, 658 74 97 55 zenbakira deituta; edo posta elektroniko bidez, debagoiena.bizilagunak@sosracismo.eu helbidera idatzita. Debagoieneko herri guztietara dago zabalik deialdia.

Behin izen-ematea bukatuta, bertako eta kanpotik etorritako familia bana elkar lotu eta dinamizatzaile bat izendatuko zaie, hilaren 19rako guztia prest izateko. Egun horretan, bertako familia, familia etorkina eta dinamizatzailea, hirurak, bilduko dira familietako baten etxean. "Oso ekintza xumea da, baina ikusi da inpaktu handiko tresna dela eta oso eraginkorra harremanak sortzeko", gaineratu du Nora Ugarteburuk.

Elkar ezagutzeko aukerak aprobetxatzearen garrantzia

Arrasateko Udalak ere bere babesa adierazi nahi izan dio egitasmoari. Horrela mintzatu da Amaia Azpiazu, Gizarte zinegotzia: "Beti hitz egiten dugu elkarbizitzaz, elkar-ezagutzaz... Baina hitz horiek konkretatzen joateko garaia da eta iruditzen zaigu, nahiz eta ekintza xumea izan, aberasgarria dela kanpotik etorritako jendea ezagutzeko eta izan ditzakegun beldurrak kentzeko. Elkar ezagutzeko ditugun uneak eta aukerak aprobetxatu egin behar ditugu".

Djamila Zereibyren esperientzia

"Duela urtebete parte hartu nuen nik bazkari batean eta oso esperientzia positiboa izan zen. Beste pertsona batzuk eta beste kultura batzuk ezagutzeko aukera eman zidan eta askotariko gaiez jardun genuen. Izan nitzakeen beldur batzuk kentzeko balio izan zidan, besteengana hurbiltzeko eta elkartasun sentimendua pizteko. Mahaiaren bueltan, jakien inguruan, giro erosoa sortzen da, gainera, eta barruan dugun onena ateratzen laguntzen du", kontatu du Arrasaten bizi den eta Euskadin emakume musulmanen integraziorako elkartea -IMME- sortu zuen Djamila Zereibyk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak