Mugikorreko biltegiratze espazioa nola erabili

Jokin Guridi 2017ko urr. 30a, 17:06

Mugikorrean espazio gabe gelditzea ohikoa da zenbait pertsonentzat. Mugikorraren erabilera intentsiboari eta bertan gordetzen ditugun hamaika argazki eta aplikazioei esker, biltegiratze memoria betetzen joaten da eta erabilera arazoak sortzen ditu. Esaterako, ezin dira argazki gehiago atera edo aplikazioak eguneratu. Hala ere, badira zenbait gauza errez egin daitezkeenak biltegiratze eraginkor bat lortu eta betetzeko zailagoa izateko.

Gauzarik errazena, hori egitea baimentzen duen gailu bat izanez gero, MicroSD txartel bat gehitzea da. Txartel txiki hauek biltegiratze memoria gehigarri bat bezala funtzionatzen dute eta hainbat gauza gorde ahal dira bertan. Adibidez, gailuan ditugun argazkiak eta bideoak mugitu daitezke, edo hortik aurrera ateratako guztia bertan gordetzeko esan kameraren ezarpenetan. Aplikazio batzuk ere mugitu daitezke bertara, baina banan banan egin beharra dago ezarpenetatik. Azkenik, Android 5.0 Marshmallow bertsiotik aurrera, barne biltegiratzera batu daiteke MicroSD txartela eta biak bat izango balira bezala erabili.

Beste aukera bat, batez ere aplikazioek erabiltzen duten biltegiratze memoria gutxitzeko, aplikazioen bertsio arinak edo Lite deritzonak erabiltzea da. Orokorrean, bertsio sinpleagoak dira, funtzionalitate mugatukoak, baina oinarrizko funtzioetarako nahikoak. Besteak beste, Facebook, Messenger, Twitter, Skype eta Instagramek badute bere aplikazioen bertsio arinak. Bestalde, nabigatzaile arinak ere badira merkatuan, UC Browser Mini edo Dolphin Browser bezalakoak, berez mugikorrak ekartzen dituenak alde batera uztea nahi bada.

Aplikazioetaz ari garela, Whatsapp mezularitza zerbitzuak ere laguntzen du gailuaren biltegiratze ahalmena ahitzen, baina ez du Lite bertsio bat. Hala ere, aplikazioak berez behar duenak baino, aplikaziotik datorrenak betetzen du mugikorraren memoria. Argazkiak, bideoak eta bestelako fitxategiak jaitsi eta gordetzea da askotan arrazoi nagusiena. Honen aurrean, fitxategiak automatikoki jaistea desaktibatzeak memoria aurrezten lagundu dezake, nahi dena besterik ez baita jaitsiko. Elkarrizketa pisutsuenak ezabatzea ere beste aukera bat da, ezarpenetan ikusi daiteke zeintzuk diren leku gehien hartzen duten elkarrizketak eta bertatik ezabatu daitezke. Whatsappek hartzen duen lekuaren garbiketa egiteko, aplikaziotik bertatik egin daiteke edo beste aplikazio baten bitartez, aukera gehiago ematen dituzten Cleaner for Whatsapp edo Power Clean bezalakoak. Azken aukera bezala, datu guztiak ezabatzea ere badago.

Azken aukerak lan gehiago eramaten du aurrekoak baino, baina baita emaitza hobeagoak ere. Izan ere, mugikorrean dauden aplikazio, argazki, bideo eta bestelako fitxategietan garbiketa egitean datza, banan banan eta eskuz. Hau da, erabili nahi dena bakarrik utzi arte sobran dagoen guztia kentzea, gailua atleten gisa utziz. Hau, argazkiak eta bideoak ezabatzen, erabiltzen ez diren aplikazioak ezabatzen, erabiltzen diren aplikazioen cachea garbitzen, eta jaitsitako fitxategiak ezabatzen lortzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak