'Puntua' astekariak Tokikom Sariak 2017ko aipamen berezia jaso du

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko urr. 27a, 11:39

Usurbilen batu dira gaur tokiko komunikabideak TOKIKOM Sariak eman eta toki komunikabideen erronkez jarduteko. Sari banaketan finalistak izan dira, batetik, #HRMT kirol erreportaje saioa ikus-entzunezko kategorian; eta bestetik, Puntua aldizkaria, azalik onena kategorian eta baita aipamen berezi bezala ere, genero berdintasunarekin erakutsitako konpromisoagatik.

TOKIKOM kazetaritza sariak 2017 deialdira aurkeztu diren lanen artean irabazleak aukeratzeko epaimahaia Amaia Pavon Arrizabalagak, Maria Gonzalez Gorosarrik eta Edorta Arana Arrietak osatu dute. Hiru kategorietan banatu dituzte kazetaritza sariak: Azal onena, Eduki onena eta Ikus-entzunezkoa. Goiena Komunikazio Taldeak, bi ataletan lortu du finalista izatea, eta horretaz gaina aipamen berezia jaso du hiru kategorietatik at.

PUNTUA
 
Goienako Puntua astekariaren Garoña azala finalista izan da azalik onenaren kategoriak. Epaihaimaiaren arabera:Portada sinple, baina aldi berean deigarri eta ikusgarria, eta erradiazio arriskuaren ikurrarekin egindako jokoari esker, informatibo eta adierazgarria aldi berean.
 
 
Saritutako kategorietatik kanpo, Puntua astekariak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du, genero berdintasunarekin erakutsitako konpromisoagatik. Epaimahaiak esan duenez: "Jakina da toki komunikabideetan sentsibilitate berezia dagoela berdintasun gaiekiko, baina Puntuak sariketara aurkeztutako lanetan nabarmen geratzen da gaia propio lantzen dela etengabe: bada berdintasunari buruzko monografiko bat, bere buruarentzat zein beste medio batzuentzat tresna baliagarria den eskuliburua, genero aniztasunari eskainitako portada bat ekainaren 28ko aitzakiaz... eguneroko lanean txertatutako konpromiso hori aipagarria iruditu zaio epaimahaiari".

 
#HRMT
 
Finalista izan da #HRMT saioa ikus-entzunezko kategorian, epaimahaiak honakoa nabarmendu du: "Kirola tratatzeko modu original eta goxoa, kirolariak eurak hurbiletik ezagutzeko aukera ematen duena".
Apirilaren 25ean hasi zen Goiena telebistan Xabi Urzelai kazetariak gidatzen duen erreportaje saioa. Programan kirolari debagoiendarrak gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen da.

 

TOKIKOM 2017 SARIAK

2017ko euskarazko iragarkirik onena 
Labrit multimediaren Erronkariko gazte telebistako spotak irabazi du.

KAZETARITZA ARLOA

2017ko azalik onena
Hiruka astekariaren Itsasadarrean, bizirauten azala.
Beste bi finalistak: Puntua astekariaren Garoña azala eta Anboto astekariaren Martxoak 31 azala

2017ko edukirik onena
Anboto astekariaren Martxoak 31 monografikoari.
Beste bi finalistak: Geuria hilabetekariaren Trena gertu dugunean erreportajea eta Karkara hamaboskariaren Hura bai martxa erreportajea.

2017ko ikus-entzunezko kategoria
Baleikeren Tapa-Pala II bideo sorta.
Beste bi finalistak: Goiena telebistak aurkeztutako #HRMT saioa eta Anboto astekariaren Paperak dokumentala.

Aipamen bereziak
Hirukaren udako ale monografikoa eta Puntua astekariak genero berdintasunarekin erakutsitako konpromisoa.

 

TOKIKOM sariak ekitaldia

Jone Guenetxeak, Tokikom-eko zuzendariak hartu du lehenik hitza ekitaldira ongi etorria emateko. Guenetxeak azpimarratu nahi izan du sari banaketak tokiko komunikabideetako kazetarien lana "balioan" jartzen laguntzen duela.

Xabier Arregi Usurbilgo alkatea igo da ostean oholtzara, tokiko komunikabideak "eskualdeen kohesioa eta dinamizazioan" duten garrantzia nabarmendu du; komunikabideen lana goraipatu du, eta hauek euskararen alde egindako hautua azpimarratu du: "Zuen balioak konpartitzen ditugu; euskaraz diharduzue, eta gertutik".

Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, adierazi du tokiko komunikabideek "euskara nagusitasun posizio batera" eramaten laguntzen dutela, egindako lanarekin "dimentsio nazionala" emanez. Nabarmendu du, baita ere, "Komunikazioa eta ikus-entzunezkoa gauza bera" bilakatzen ari direla.

Ongi etorria ixteko, Estibalitz Alkortak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak azpimarratu du Tokiko komunikabideek "euskararen biziberritzean" duten "garrantzia". Instituzioen aldetik pausuak eman behar direla eta "elkarlana" dela bidea esan du.

Ostean lehenengo hitzaldiaren txanda izan da. Publizitatea, moduluez haratago izan da, Xavi Jimenezek gidatuta. Publizitatea eta marketin digitalaz jardun da, arlo horretan hedabideak non kokatzen diren azalduz, tartean hedabide lokalak. Hitzaldia amaitu eta jarraian banatu dituzte aipatutako 2017ko deialdiko TOKIKOM sariak. 

Ekitaldia amaitzeko, bigarren hitzaldia eskainiko du Filip Vranckx-ek, Het Belang van Limburg hedabidearen esperientzian oinarrituta, hiperlokala eta digitalazaz jardungo du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak