Studio für elektronische Musik des Westdeutschen Rundfunks (WDR), lehen musika estudio modernoa bezala ezaguna izan zen eta Kolonia hirian ireki zen orain dela 66 urte. Bertan hasi ziren musika elektronikoarekin esperimentatzen lehen aldiz, batez ere, sintetizadore desberdinen konbinazioaz sortutako soinuen ikerketan. Bertan zabaldutako bidea izan zen, gerora, Kraftwerk, Can edo Einsturzende Neubaten bezalako taldeek jarraituko zutena.
Urteurren hau aitzakiatzat hartuta, doodle berri bat plazaratu du Google bilatzaileak. Doodle hauek gertaera historikoen edo nazioarteko egunen harira eginiko ilustrazio, animazio eta bestelako aplikazioak dira eta bilatzailearen logotipoa ordezkatzen dute egun batez. Izan ere, ez da lehen aldia doodle honekin musikarekin erlazionatutako kontuak agertzen direla, eta Alemaniako estudioaren izpirituari jarraituz, doodle interaktiboak ere sortu ditu erabiltzaileek sorkuntza eta esperimentazioa jorra dezaten.
Esaterako, abuztuaren 11n Hip Hop estiloaren jaiotzaren 44. urteurrenaren harira egindako doodle-ak, bi disko-jogailu eta nahasgailu bat jartzen ditu erabiltzailearen eskura, hainbat kanturekin batera, musika nahasten ikasteko lehen pausuak egin ditzan. Bi kantu nahastu, scratch-ak egin eta BPM-ekin jolasteko aukera ematen du doodle honek.
Beste doodle interesgarri bat ekainaren 22an argitaratutakoa da, Oskar Fischinger artistaren jaiotzaren 117. urteurrenean. Bertan, sekuentziadore bat erabiltzeko aukera du erabiltzaileak, matriz itxuran kokatutako puntu desberdinak aktibatuz erritmo eta melodiak sortzeko aukera. Instrumentuak ere aukeratu daitezke, musika elektronikoaren sorkuntza prozesuarekin jolasteko.
Musika elektronikoaren garapenean garrantzitsua izan zen Robert Moogen jaiotzaren 78. urteurrenean argitaratutakoa ere erabilgarria da musikarekin esperimentatzeko. Bertan oinarrizko Moog sintetizadore bat aurkitu daiteke eta melodia desberdinak sortu eta grabatu daitezke. Filtro eta osziladoreekin jolasten hasteko balio dezake, era oso sinple batean.
Azkenik, Gibson etxearen Les Paul gitarra ezagunaren 96. urtebetetzean plazaratutakoa, musika elektronikoarekin erlazionatuta egon ez arren aipatu beharra dago. Aurrekoek baino joku gutxiago ematen duen arren, gitarra klasiko honen doinuekin jolasteko balio du soka desberdinak manipulatuz.
Google enpresak musikarekin erlazio estua mantendu du bere bizitzaren zehar, eta aplikazio sinple hauetaz aparte, beste hainbat tresna sortu ditu soinuarekin eta irudiarekin esperimentatzeko. Experiments atalean begiratzea besterik ez dago Mountain Viewko enpresaren eta musikaren arteko erlazioaz konturatzeko.