Erreportajea (Mintzalagunak: Sare bat inguruan, bidelagunak alboan)

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urr. 19a, 09:00

Mintzalagunak protagonista dituen erreportaje berezia egin du Goiena telebistak eta urriaren 11n estreinatu zuen. Osorik ikusteko aukera duzue orain.

Euskal Herrian 6.000 lagun inguruk dihardute 1.200 mintzalagun taldetan banatuta. Debagoienean 200dik gora lagun dira.

Goienak garrantzia ematen dio mintzalagun egitasmoari eta aurten ekimen horretara bideratu du bazkide bakoitzaren kuotako euro bat. Horrekin batera erreportaje berezi bat egiteko erabakia hartu zuen.

Ordu erdi inguruko erreportajea da eta Mintzalagunak. Sare bat inguruan. Bidelagunak alboan du izenburua. Debagoieneko bederatzi lagunen esperientzia pertsonalak jasotzen ditu. Horiei gehitzen zaie Topaguneko mintzapraktikako eragile Arrate Illaro. 

Mintzalagunek egunerokoan zer egiten duten eta horrek euskal hiztun moduan zer suposatzen dien jasotzen du erreportajeak. Hori bakarrik ez; euskal hiztunek ere jasotzen dute ekimen horretatik. "Mintzalagun taldeak asko eta askotarikoak dira. Horien artean daude, esaterako, dokumentalerako berba egin duen  Elhadji Toure. Senegaldarra da eta Bergaran dihardu mintzalagun. Mikel Martin Eskoriatzan bizi den madrildarra da eta eguenero egiten du bat Eskoriatzako mintzalagun taldearekin. Pintxo potea egiten dute eta horrekin batera mintzapraktika. Iratxe Bravo, berriz, eibartarra da baina bere gorabeherak izan ditu euskararekin eta orain Elgetako mintzalagun egitasmoan dihardu. Elgetako liburutegian egiten duten Hitzez pitz izeneko topaketa batean aurkitu dugu eta bertan jaso ditugu bere bizipenak… Ez ditut ahaztu nahi Arrasateko Ina Etxebarria, Eskoriatzako Jone Ugarte, Bergarako David Kerkhof eta Kristina Buizer, mintzanet egitasmoan diharduen Maitere Larrañaga zein Leintz udal euskategiko irakasle Gurutze Larrinaga", adierazi du Goienako kazetari Larraitz Zeberiok. "Eskerrik asko erreportajean parte hartu duten guztiei eta baita ere mintzalagun horiengana iristen lagundu diguten guztiei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak