Whatsapp bezalako mezularitza azkarreko zerbitzuen bidez edo sare sozialetatik jasotzen da informazio asko, eta itsu-itsuan partekatzen da sarri. Horrekin, kasu batzuetan, gezurrezko informazioa are gehiago zabaltzen laguntzen delarik. Kasu hauetan gomendagarriena iturri ofizialetara jotzea da, eta Twitter horretarako bide azkarra da.
Iturri fidagarriak
Sare sozialetan erraz nahasten dira egia eta gezurra, horregatik iturri fidagarriak zeintzuk diren jakitea komeni da, ezbeharren bat gertatzen denean horietara jotzeko.
Abuztuko Kataluniako atentatuetan informazio faltsua asko zabaldu zen, batez ere sare sozialen eta Whatsapp/Telegram bidez, baina baita komunikabideetan ere. Kataluniako emergentzia zerbitzuek hori moztu eta gardentasunari garrantzia handia eman zioten. Horregatik Twitter erabili zuten unean-uneko informazio baieztatua helarazteko. Zabaltzen ari ziren informazio batzuk gezurtatzeko ere erabili zuten bide hau.
EAEn ere badaude emergentzia zerbitzuen Twitter kontu ofizialak. Horietan ere istripuen, ezbeharren, desagertze kasuen eta emergentzien berri ematen dute -bestelako sare sozialetan gutxiagotan erabiltzen dira uneko informazioa jakitera emateko-.
Twitterreko kontu ofizialak, besteak beste:
- SOS deiak - 112
- Trafiko zuzendaritza
- Ertzaintza
- Euskadiko suhiltzaileak
- Gipuzkoako DYA
- Gipuzkoako Gurutze Gorria
- Arabako Gurutze Gorria
- Euskalmet
Abisuak eta azken ordukoei buruzko informazioa ematez gain, gomendioak ere eskaintzen dira kontu hauen bidez.
Sare sozial edo Whatsapp/Telegram bidez ezbeharren batekin lotutako oharren bat jasotzerakoan, batez ere iturri ofizialik aipatzen ez denean, komenigarria da mezu hori zabaldu aurretik aipatutako kontuak begiratzea, informazioa egiaztatzeko. Horrela, gezurrak zabaltzea ekidin daiteke: desagertze abisu faltsuak, okerreko alerta abisuak, lekukotza faltsuak... Audioak jasotzen badira ere, ez du esan nahi egia denik; ahotsa norena den jakiten ez den kasuetan, baliteke informazioa ez izatea egiazkoa.
Udaletako edo gobernuetako Twitterreko kontuetan ere eman ohi dira horrelako datuak. Hala ere, Debagoieneko herrietan, normalean, ez da unean-uneko informazio hau eskaintzen.
Komunikabideak
Informazio asko zabaltzen da komunikabideetako Twitter kontuetatik, eta azken orduko gertaeretan garrantzia handia hartzen dute. Informazio hau azkar edo lehenengo ematearren, gertatu da okerreko informazioa eman izana. Horregatik, albistea lotura batekin partekatzen den kasuetan, gomendagarria da albisteetako informazioa zein iturritatik jaso den begiratzea albistean bertan. Horretaz gain, aurrez ezagutzen ez diren hedabideetako webguneak edo blogak ez-fidagarritzat jo behar dira, ezin baita jakin horien atzean nor dagoen.
Bestelako iturri batzuk
Badaude informazioa egiaztatzen laguntzeko bestelako iturri fidagarri batzuk ere.
- Maldito bulo: Asko zabaltzen diren gezurrak identifikatzen saiatzen dira herritarren laguntzarekin.
- Alerta desaparecidos: Desagertuta dauden pertsonen berri emateko kontu ez-ofiziala da. Helburua bilaketan lagun dezaken datuak lortzea da. Emergentzietako datu ofizialak edo desagertutakoaren familiako kideak erabiltzen ditu informazio iturri bezala.