Greba deialdiari eusten diote hiri hondakinak batzeko langileek, "aurrerapausoak eman diren arren"

Eneko Azkarate Laspiur 2017ko urr. 10a, 21:00
Joan zen asteko irudiak, hiri hondakinak batzen dituzten langileen ordezkariak protestan.

"Aurrerapausoak eman" arren, Debagoienean hiri hondakinak batzen dituen enpresako langileen batzarrak erabaki du "mobilizazioekin aurrera" jarraitzea. Batzar bat egin dute gaur hiru aldeek: langileen ordezkariak, Debagoieneko Mankomunitatea eta zerbitzua kudeatzen duen enpresa, UTE Debagoiena-Enviser.

Azken hauek onartu dute zerbitzuak badituela "desoreka batzuk" eta "ikerketa sakon baten beharra" ikusi dute, langileen ordezkariek azaldu dutenez. Asteak iraungo dituen prozesu horrek ekarriko luke egin beharreko lanaren egokitzapena. Azterketa horretan langileek ere izango lukete parte-hartze zuzena.

Langileen ordezkariek "modu positiboan" baloratu dute Mankomunitateek eta Enviserrek "akordioetara iristeko eta gatazka konpontzeko egin duten esfortzua". Langileek diote, zerbitzuaren kudeatzaileak "proposamen zehatzak" jarri dituela mahaiaren gainean, bai "kaleratzeen inguruan" eta baita lan "baldintzen inguruan". Horrela, "agerian gelditu da" badagoela alde guztien borondatea "Sektoreko Hitzarmena errespetatuko duen irteera aurkitzeko" diote langileek.

Dena den, negoziaketek benetako emaitzak zehaztu arte, langileen batzarrak erabaki du oraingoz greba deialdiari eustea. Urriaren 16an jarriko lirateke greban.

Gatazka sortu zen hiri hondakinak kudeatzeko enpresa berriak ez zituelako langile guztiak kontratatu. Hain justu ere, 8 langile kaleratuak izan zirelako eta gainontzekoei "baldintzak okertu" zizkielako. Egoera horretan, langileen batzarra "aho batez" onartu zuen greba deialdia egitea. Aldarrikapenak argiak ziren, langileen esanetan: "8 kaleratuak berronartzea, lan hitzarmena errespetatzea eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko bitartekoak jartzea".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak