Hamar eguneko greba egingo dute zabor biltzaileek urrian

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko ira. 29a, 17:56

Markulete industriagunean 15:00etan egin duten elkarretaratzea

Igandetik aurrera enpresa berri batek hartuko du bailarako zabor bilketaren zerbitzuaren ardura. ELA eta LAB sindikatuek salatu dute zortzi langile kaleratuko dituztela eta seiri lanaldia murriztuko dietela. Mankomunitateak ardura hartu beharko lukeela uste dute eta egoera konpondu ezean, bailaran ez dute hondakinik bilduko urriaren 16tik 25era.

Gaur, egubakoitza, egin dute langileen bilera eta aho batez onartu dute hamar eguneko greba egitea egoera konpondu ezean. "Goizean bilera izan dugu Mankomunitateko eta enpresako zuzendaritzarekin. Mankomunitateak onartzen du murrizketak egin dituztela zerbitzua esleitzeko pliegoetan, parte bat euren gain hartu dutelako. Gestioa enpresaren eskuetan uzten dute eta eskuak garbitu gura dituzte", adierazi du komiteko kide ELAko ordezkari Ane Romerok.

Mankomunitateko presidente Unai Elkorok adierazi duen moduan, orain arte zabor bilketa zerbitzuaz arduratu den enpresak ez du kontratua luzatu gura izan. Onartu du zabor bilketa sistema berriarekin orain arteko langile guztien beharrik ez dagoela; landa lurren zerbitzua, gainera, Mankomunitateak egingo du aurrerantzean. Hala, berriz lehiaketara atera dute zerbitzuaren kudeaketa eta enpresa bakarra aurkeztu da, Enviser.

Romeroren esanetan domekan hasiko da enpresa hori lanean. "Esan digute zortzi langile kaleratuko dituztela, lan baldintzak okertuko direla eta zalantzak dituztela zerbitzua bete ahal izango duten pliegoko baldintzak betetzen badituzte. Zuzenean esan digute ez dituztela dagokien subrogazio gutunik emango. Ulertzen dugu jasotzen ez dutenek subrogatuak izan beharko zirela, baina diote zuzenean baja emango diela zortzi langileri;  ez dakigu nortzuk izango diren".

Greba

Gaurko bilera eta elkarretaratzearen ostean mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi du Romerok: "Mobilizazioak egingo ditugu eta espero dugu negoziazio prozesua hastea langileak berriz onartzeko eta hitzarmena birplanteatzeko. Mankomunitateak bere ardura hartzea ere espero dugu eta guztion artean hitz egitea eta kalteak gutxitzea". Herritarren babesa ere eskatu dute.

Gauzak aldatzen ez badira, hamar eguneko greba egingo dute zabor biltzaileek: urriaren 16tik 25era.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak