Kataluniako erreferenduma 'Hemen Debagoiena' saioan

Goiatz Arana Begiristain 2017ko urr. 2a, 14:58

Tarte berezia eskainiko diogu gaur, astelehena, Kataluniari, Hemen Debagoiena saioan, 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan. Gurekin izango dira: Iraitz Lazkano, Elgetako alkatea, EHBildutik; Aitor Urrutia, EAJko legebiltzarkidea; eta Jordi Farrerons, Bergaran bizi den kataluniarra. Txomin Madina aurkezleak gidatuko du solasaldia.

Hiru milioi pertsona mobilizatu zituen atzo, domeka, Katalunian egindako erreferendumak. Bi milioi eta 200 mila boto zenbatu ahal izan dituzte eta horietatik %90 independentziaren aldekoak izan dira. Baina beste 800 mila pertsonen nahia zein den jakiterik ez dago, kontuan izanik Espainiako segurtasun indarrek hainbat hautetsontzi eraman zituztela eta 400 bozkaleku itxi. Oztopoak oztopo, parte-hartzea %42koa izan da, baina Generalitatearen arabera, adituek diote %55ekoa izango litzatekeela galdeketa baldintza normaletan egin izan balitz.

Poza eta ezina

Bi sentimendu, bi irudi, izan ziren atzo Katalunian: botoa eman ahal izatearen poztasuna, batetik; eta Espainiako Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren bortizkeriak eragindako ezina, haserrea eta tristura, bestetik. Porrak edota gomazko pilotak erabili zituzten segurtasun indarrek eta ia 900 lagun zauritu; horietako bat oso larri dago. Nazioarteko hainbat goi kargudunek salatu dute Espainiako Gobernuaren jarrera eta Mariano Rajoy presidentearen dimisioa eskatu dute Kataluniako agintariek.

Greba orokorra

Generalitateko buru Carles Puigdemontek Kataluniako Parlamentura eramango ditu galdeketaren emaitzak, baiezkoak irabaziz gero 48 ordutan independentzia aldarrikatzeko eta ezezko kasuan hauteskundeak deitzeko. Eta bien bitartean, Kataluniako Asanblea Nazionalak eta Omnium Cultural elkarteak greba orokorra deitu dute biharko, martitzena. Testuinguru honetan, atzo, domeka, lapiko-protestak egin zituzten gauean Euskal Herriko hainbat herritan eta deialdiak erantzuna izan zuen Debagoienean ere. Katalunia elkarrizketa mahaira eramateko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Rajoyri, baina Espainiako buruzagiak babestu egin du atzo bere gobernuak Katalunian izandako jokabidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak