Festarako eta auzolanerako deia egin dute Kilometroak Jaiaren hasiera ekitaldian

Auzolana izan da Kilometroak 2017 Jaiaren hasiera ekitaldian azpimarratutakoa. Gonbidatu asko elkartu dira han, erakunde askotako ordezkariak, eta elkarlanerako gertu agertuta, festara eta auzolanera deitu dute.

Aurreskua abestuaz ekin diote Andoni Egaña eta Nere Gil aurkezleek Foruen Enparantzan egin den Kilometroak 2017ren hasiera ekitaldiari. Gipuzkoako Ikastolen festa handiaren 41. edizioaren helburu nagusiak ekarri dituzte gogora, orain urtebete Bergarako Aranzadi Ikastolaren lekukoa hartzean finkatu zituenak Txantxiku Ikastolak: auzolana; irekia izatea; parekidetasuna eta aniztasuna; mundu modernoaren eta aurrerakoiaren parte izatea; eta ikuspegi jasangarria barne hartzea.

Lekaixoka da aurtengo Kilometroak jaiaren leloa, lekaixoek protagonismo handia izan dute ekitaldian, festara batzeko eta elkarlanean aritzeko deia zabalduz. Lekaixoek edo irrintziek batutako gizarteko hainbat esparru ordezkatu dituzten herritarrek hartu dute parte ohiko zinta-mozketaren ordez egin den ekitaldian: horma bateko kuboak kendu ostean, Kilometroak 2017 Lekaixoka Oñati zioen mezua osatu dute. Hasiera ekitaldian ikastolako ikasleek ere izan dute euren lekua, aurtengo abestiaren koreografia dantzatu dute.

Erakunde askotako gonbidatuak izan dira ekitaldian, besteak beste, Mikel Biain, Oñatiko alkatea; Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua; Nekane Artola, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria; eta Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Aitor Guridi: "Auzolanean lan asko eta bihotzetik egin dugu"

Aitor Guridi, Txantxiku Ikastolako lehendakariak urtean egindako lana ekarri du gogora, "gogor eta gogoz" , auzolanean egin duela Txantxiku Ikastolako komunitate guztiak, eta momentu onak eta ez hain onak egon diren arren, balorazioa egitean harrotasunez baina harrokeriarik gabe begiratuko diotela gaurko egunari: "Auzolanean, lan asko eta bihotzetik egin baitugu, dena ondo joango den esperantzarekin”.

Gaur Oñatira datozen guztiei, ondo pasatzeko gonbita luzatu nahi izan die, beti ere pasatu gabe eta errespetuz.

Mikel Biain: "Auzolana da gakoa"

Oñatiko alkate Mikel Biainek gaurko egunaren antolaketa lana goraipatu du: "Auzolana da gakoa. Izaera, kondizio eta adin tarte desberdinen arteko pertsonen arteko elkarlana". Eskerrak ere eman gura izan dizkie antolakuntzan parte hartu duten guztiei eta festaz betiere neurriz gozatzeko aholkua eman die bertaratuei.

Cristina Uriarte: "Guztion erronka da hezkuntza sistema hobetzea"

Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek euskara eta hezkuntza izan ditu gogoetarako oinarri: "Euskara eta hezkuntza dira bi zutabe sendoak eta gaurkoa bezalako egunetan gutariko bakoitzak tartea hausnarketari". Urte askotan hezkuntza komunitateak egindako lanari esker iritsi dela hezkuntza dagoen puntura gaineratu du.

Hezkuntza sistema aldaketa jasaten dabilela ere adierazi du, eta etorkizuna parte-hartzean eta hezkuntza sistema osatzen duten agente guztien artean definitu behar dela: "Guztion erronka da hezkuntza sistema hobetzea". Bide horretan Ikastolak ere, agente garrantzitsu izango direla gaineratu du: "Bihar hitzordua dugu Jaurlaritzan eta Ikastolak bertan izango dira".

Nekane Artola: "Euskal Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen hasteko unea dugu"

Nekane Artolak, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, ikastolak izan ditu berbetarako gai: "Esker ona adierazi nahi dizuet gaur hona inguratu zareten ikastolazale guztioi, ikastola proiektuarekiko erakutsi diguzuen konpromiso eta elkartasunarengatik. Proiektu euskalduna, herritarra, hezkuntza eredu propioa duena eta eraldatzailea dugu ikastola eredua. Egunero garatzen doan proiektua, Txantxiku ikastolan bertan ikusi ahal duzuen moduan". 

Txantxiku Ikastolaren komunitateak egun zoragarria prestatu duela ere azpimarratu du: "Auzolanean eta oñatiarrekin batera prestaturiko egitarau zabala daukagu; euskal kulturaren adierazpenaren lagin bat, bai, baina askotariko eskaintzarekin".

Kilometroak jaiak berrogei urte bete dituela eta, jaiak berak eguneratzen eta gaurkotzen jakin duela nabarmendu du Artolak. Zentzu horretan, iazko ikasturtean hausnarketa prozesu bati ekin ziotela azaldu du: "Ikastolen aldeko jaiak izan beharko zukeen ereduaz aritu gara. Ikastolen ezaugarrietako bat da eraldatzaile izatea. Ezaugarri horixe bera eraman nahi dugu gure jaietara".

Era berean, aldarrikatu du hezkuntza sistemak berak eraldatzeko beharra duela, beharrezkoa dela hezkuntza lege berri bat: "Gaur egun gure hezkuntza sistemak dituen gabezia, ahuldade, zulo eta bestelakoen iturburua da egungo legedia. Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarreko indar nagusiak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako hezkuntza akordioa eta hezkuntza legea aldarrikatzen ari diren uneotan, ezinbesteko deritzogu gaiari heltzeari". Horren harira, ikastolek landu eta eztabaidatu duten dokumentua aipatu du: "Irrikan gaude gainontzeko eragile guztiekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta indar politiko eta sindikalekin hitz egin, eztabaidatu eta adostasunak lortzeko prozesua abiatzeko. Euskal Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen hasteko unea dugu". Hala, gogora ekarri du hezkuntza eragileek bihar hitzordua dutela Jaurlaritzarekin, eta espero dutela berau izatea "lehenbizi hezkuntza akordiora eta ondoren hezkuntza legera" eramango duen bidearen hasiera.

Markel Olano: "Euskararen, Ikastolen eta boluntarioen eguna da gaur"

Diputatu nagusiak adierazi du, gaur euskararen, Ikastolen eta boluntarioen eguna dela. Euskara bidegurutzean dagoela ere esan du Olanok: "Arriskuak eta aukerak ditu euskarak eta arriskua da kaleetan galtzen ikustea". Horren aurrean erakunde publikoek eta hezkuntza eragileek elkarlanean landu behar dutela bide komuna gaineratu du.

Ikastolek hezkuntza sisteman izan duten garrantzia ere azpimarratu du Olanok. "Ikastolak aitzindari ziren duela 40 urte. Eta orain, hezkuntza sistemaren eraldaketaren erantzule dira. Konfiantzaren Pedagogian oinarritutako pedagogia berritzaileak Debagoienean du jatorria, gainera".

Boluntarioen lana ipini du balioan berbaldia bukatzeko: "Herri mugimendutik etorriko da hezkuntza sistemaren biziberritzea. Herrigintza eta auzolanaren inguruan osatuko da gure herriaren etorkizuna".

 

Erlazionatuak

Irekiera ekitaldia

Oñati

Gonbidatu asko eta jai giroan murgiltzeko gertu zegoen jende asko izan da irekiera ekitaldian.
Erakundeetako ordezkariei ibilbidea erakutsi diete

Oñati

Erakunde askotako ordezkariak gerturatu dira Oñatira Gipuzkoako Ikastolen jaiarekin bat egiteko. Eta Txantxiku Ikastolakoek guztiei egin die...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.