Proiektu eta ekintza ezberdinei dagokienez, hainbat dira. Batetik, Bergarako Orkestra Sinfonikoarekin batera urriaren 28an egingo den kontzertu solidarioa, Pasabide seguruen eskubidea, giza eskubidea izenekoa. Sentsibilizazioa eragiteaz gain, kontzertu honen helburua errefuxiatuentzat pasabide legalak eta seguruak aldarrikatzea izango da.
Bestetik, Bizilagunak egitasmoa ere antolatuko da Debagoienean. "Bertako familiak eta kanpotik datozen familiak elkartu eta elkarrekin bazkaltzea da helburua. Herri askotan egiten dira halakoak eta hemen ere pausu hori eman nahi dugu", dio Nora Ugarteburuk, Debagoieneko SOS Arrazakeria taldeko arduradunak.
Diskriminazioaren aurkako BERDIN sarea ere martxan dauka SOS Arrazakeriak taldeak bailaran, diskriminazio kasuak detektatu eta hauek salatzeko helburua daukana. "Arrazakeriaren aurkako sare bat da hau eta diskriminazio kasuei aurre egitea da helburua. Bulego berri honekin gura duguna da gune bat izatea kasu hauek salatu ahal izateko", azaldu du Ugarteburuk.
Azkenik, atzerritartasun tramiteen inguruko aholkularitza zerbitzua ere eskainiko da bulego berri honetan. Izan ere, orain arte arreta zerbitzua Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik eman izan da, baina bulego berriak horretarako aukera eskainiko du.
Ugarteburuk azpimarratu du onuragarria izango dela bulego berria, erreferentzia moduan.
Aipatutako bulego berria Arrasate pasealekuko 3. atarian –2. eta 4. bulegoak– dago eta goizez egongo da irekita astelehenetik egubakoitzera, 9:00etatik 13:00etara. Hala ere, aurrez hitzordua eskatu beharko da, 658 749 755 telefonora deituta.
Eskari handia
Bulego berriaren gaineko informazioa duten txartelak banatzen hasia da dagoeneko SOS Arrazakeria, eta eskaria handia dela nabarmendu du Ugarteburuk.
Arrasaten dagoen arren, Debagoiena osoko herritarrei emango zaie zerbitzua bulego berri honetatik.