Zeu inputatuta, egoitza arakatuta… guztia kokatu dute urriaren 1eko erreferenduma saihesteko Espainiako Gobernuak hartutako badaezpadako neurrien barruan. Benetan hala dela uste duzu, ala indar erakustaldi bat da?
Oso argi daukat beldurraren politika aplikatzen segitzeko indarrezko neurri bat dela. Ez ulertzekoa da gure astekarira etorri ziren indarren desproportzionalitatea; ondo asko dakite bakezaleak garela, pertsona lasaiak, eta ez genuela inolako erresistentziarik egingo. Miatzeko agindua eskatu ere ez genuen egin. Erabili egin gintuzten Espainia osoari erakusteko Espainiako Gobernua zer egiteko gertu dagoen erreferenduma gauzatu ez dadin.
Espero zenuten halako zerbait? Komunikabideetan? Eta kasu honetan, toki komunikabide batean?
Egia esan, ez, eta, are gutxiago, gurea moduko eskualde mailako komunikabide apal batean.
Zein egoeratan zaude orain? Eta zuen komunikabidea? Epailearen deiaren zain gaude; gu ikertzen dabiltza beharrezko kolaboratzaile izatearren hiru delitutan: diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik, prebarikatzeagatik eta desobedientziarengatik. Ulertuko duzun moduan, ezinezkoa da guk hiru ekintzok egitea, ez garelako ez funtzionarioak, eta ezta politikariak ere. Astekariak normaltasunez dihardu. Hori bai, ezin dugu jakin joan den irailaren 9an bizi izatea egokitu zitzaigun moduko bestelako egoera penagarririk bizi izatea egokituko zaigun.
Elkartasun mezu ugari jaso dituzue gertakariaren harira; bat edo bat bereziki eskertzen duzue? Bat edo bat bereziki faltan igarri duzue?
Babesa erakusten diguten izugarrizko mezu piloa jaso ditugu, eta zuen medioa aprobetxatuko dut mundu osoari, eskualdekoei, gure herrikoei zein Espainiakoei elkartasun mezu horiek guztiak eskertzeko: bai prentsa elkarteenak, kazetari elkargoenak… Bestalde, bat edo bat faltan igartzen dudan galdetuta, ba, egia esan, bai. Nire emazte ohiarena.
Ze punturaino errepika daitezke zuek bizi izandakoen moduko egoerak?
Katalunian egoera nahiko konplikatuan gaude. Erreferendumean laguntzen duen edozein ikertu gura dute, publizitatea egiten duten medioak inputatzera iristeraino. Beraz, antzerako egoerak errepika daitezke, ze publizitatea jartzen duten medioetan, gobernu zentralak gurako du jakin zeinek enkargatu duen, eta ea doan ipini duten edo kontratatu egin duten. Baina ni apur bat harago joango naiz: zer gertatutako da publizitatea egin ez baina erreferendumaz berba egiten duten medioekin? Horiek ere ikertuko dituzte ezkutuko publizitatea egitearren? Esandako moduan, oso egoera konplikatuan gaude, konpontzeko oso zaila dena.
Diadako irudiak ikusita, nahiko argi dago Prozesuak markatutako bideari eutsiko diola. Erreferenduma eta hango emaitzak albo batera utzita, ze ondorio-hazi erein ditu Prozesuak Kataluniako gizartean?
Gauzak ez badira bide zuzenetik egiten, ez dagoenean elkarrizketarik, bi aldeak elkarren aurka dabiltzanean eta herri batek bere etorkizuna erabaki nahi izatea moduko gauza arrunt eta oinarrizko bat ulertu nahi ez denean, oso zaila da bidean ez geratzea egoera desatsegin eta konplikatuak, eta ausartuko nintzateke esatera baita enfrentamendu bat edo beste ere. Pilota lodiegia egiten laga da, eta orain ezin da jokatu. Urriaren 1ean, kataluniarrek botoa emateko aukera izango dute.
Benetakoa da, kalean antzematen da hainbeste mediok eta politikarik nabarmentzen duten gizartearen zatiketa?
Benetakoa da, baina ez da esaten duten bezain handia. Atzo [irailaren 11ko Diada] ikusi ahal izan genuen jendeak ospatu eta aldarrikatu egiten zuela, baina errespetuz eta edukazioz, hori guztia jai bilakatuz. 90 urteko pertsonetatik hasi eta jaioberrietaraino zeuden. Horrek erakusten du bere burua gobernatu eta bere erabakiak hartu nahi dituen herri baten indarra.
Politikarien artean pertzepzio berbera dago?
Politikarien artean denetik dago. Batzuek estu hartzen dute, eta beste batzuek umore handiagoarekin. Esan beharrik ez dago alderdi espainolistak geroago eta kezkatuago eta urduriago daudela aukera erreala ikusten dutelako urriaren 1ean bozkatzeko aukera izango dela.
Erreferendumera begira, alde bateko zein besteko gehiengoak nahikoa estu ikusten dira; zela aurreikusten da biharamuna? Ze punturaino egon daiteke atzerapausorik? Katalunia baikor dago, kataluniarrak kalera aterako dira eta botoa ematea den eskubide demokratikoa erabili ahalko dute, eta, seguru aski, baiezkoa aterako da. Biharamuna egun normala izango da, telefono dei ugari egin beharrekoa, eseri eta Espainiarekiko deskonexioa egiteko modurik egokiena zein den aurkitzeko.
Beste zerbait gura baduzu gaineratu…
Eskerrak eman nahi dizkiet, ez bakarrik Espainiatik, baizik eta munduko edozein bazterretatik elkartasun mezuak helarazi dizkiguten guztiei. Ezinezkoa izan zaigu jasotako mezu zein whatsapp guztiei erantzutea. El Vallenc astekaria osatzen dugun pertsona guztiei eskerrik asko, bihotz-bihotzez.