Larramendi gunean, San Juan auzoko industrialdearen gainean dagoen eremuan, Eusko Jaurlaritzaren Sprilur sozietate publikoa pabilioi eta bulego berriak eraikitzen hasi berri da asteon. Zehazki, eraikin industrial bat, eraikin komertzial bat eta horien inguruko urbanizazio lanak egingo dituzte bertan. Larramendiko gunea 2010 urtean inauguratu zuten arren, gaur egun industria pabilioi bakarra dago bertan, Embalan3 enpresarena, hain zuzen.
Atzo eguerdian, eguena, aurkeztu zituzten Larramendin egingo dituzten lanak Elena Lete Bergarako alkateak eta Txaber Ourok, Sprilurreko zuzendariak. Aurkezpen horrekin, hasiera eman diete 8.415 m2-ko lur-azaleraren atontze lanei. Lur horretan Debagoieneko industria eta zerbitzu enpresak kokatzea da asmoa.
Eraikinen ezaugarriak
Larramendin egingo duten eraikin industriala 7.650 m2-ko eraikina izango da, eta C lursailean kokatuko dute. 17 pabilioi modular izango ditu honek, horietatik bederatzi 510 m2-koak, eta gainontzeko zortziak, berriz, 380 m2-koak. Hamar metroko altuera izango dute pabilioi horiek.
Horrekin batera, aipatu bezala, hirugarren sektorera bideratutako eraikin bat ere egingo dute (K lursailean), eta bigarren honek 7650 m2-ko neurria izango du. Eraikin komertzial horrek hiru soilairu izango ditu, behealdea kontatuz. Beheko solairu horrek ez du hormarik izango, eta goiko bi pisuetan bulegoak egingo dituzte, bakoitza 100 m2 ingurukoa.
Bi eraikin horrekin batera, urbanizazio lanak ere egingo dituzte Larramendiko gunean. Nagusiki jarduera industrialera bideratutako eremua izan arren, pabilioi eta bulego eraikinak eraikitzearen arrazoia, Sprilurretik azaldu duenez, "enpresa jarduera desberdinen arteko sinergiak erraztea" omen da enpresa interesatuek hala proposatuta.
Industrialdearen helburua
Atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, eraikitze lan horien exekuzio epea hamaika hilabetekoa izatea aurreikusten dute, lanak 2018ko urte bukaerara arte luzatu direlarik. Lokal berriak eraikitzeko inbertsioa 2,76 euroko izango dela ere azaldu dute Sprilurretik.
Lanok bukatzean, Larramendi industrialdea "kokaleku interesgarria" izango da "bere jarduera gauzatzeko espazio berrien beharra daukan edozein enpresarentzat", bultzatzaileen esanetan.
Gipuzkoako handienetarikoa
Larramendiko eremu osoak 149.352 m2-ko azalera erabilgarria dauka gaur egun, eta bederatzi lursail urbanizatu daude bertan. Debagoieneko industriagunerik handiena da, eta Gipuzkoa mailan ere, handienetarikia. Bere kokapena "estrategikoa" omen da, bultzatzaileen esanetan, "komunikazio gune garrantzitsuetatik hurbil" dagoelako, AP-1eko Beasain-Durango ardatza, Eibarrerako AP-8 errepidea baititu gertu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetatik (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) antzeko distantziara dagoelako.
Eusko Jaurlaritza (Sprilurren bitartez), Gipuzkoako Foru Aldundia eta Debagoiena zein Debabarrena eskualdetako udalak partaide dituen Deba Bailarako Industrialdea S.A.-ren baitan dago Larramendi, Deba bailarako herrietan kokatutako beste bederatzi industrialderekin batera.
Artean zehazteke dago zeintzuk izango diren eraikin berri horiek okupatuko dituzten enpresak, eta eskaintza horrek zabalik jarraitzen du.