'Puntua': Artilea, artzainen buruhauste

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko ira. 6a, 13:17

Atzera begira, ibarreko baserrietan hedaturik zegoen ardi latxaren artilea oihalgintzarako erabiltzearen tradizioa. Denborarekin, dena den, behera egin du lehengaiaren erabilerak, eta bestelako alternatibak bilatu behar izan dituzte baserritarrek. Barikuan kaleratutako Puntua-k erreportaje nagusia eskaini zion gaiari.

Iraganera begira, esangura handia du ardi latxaren ileak; horren tradizioa oso errotua egon da Euskal Herriko baserrietan. Dena den, garaiak garai, irauliz doa panorama. Alegia, murriztuz doa artilea darabilten baserritarren kopurua; ondorioz, artzainek alternatibak aztertu behar izan dituzte azken urteetan. “Iraganean, baserritarrok asko erabiltzen genuen artilea, oihalgintzarako. Baina, denborarekin, beheraka doa tradizioaren praktika”, aitortu du Lur Pagoagak, Mitarte Garai baserriko artzainak. Bada, argia da erantzun beharrean duten galdera: zer egin ardi latxari mozturiko ilearekin?

Gaur egun arte, artzainek erosle partikularrei saldu izan diete artilea; ostean, partikularrek ilea euren produktuen lehengai gisa darabilten enpresa horietara bideratzen zuten baturiko artilea. Hala ere, gaur-gaurkoz, bestelakoa da egoera. Ardi latxaren artilearen prezioa behera doa, lehengai horretan interesa duten balizko erosleen –enpresen– kopurua murriztuz baitoa. “Gaur-gaurkoz, ardi latxaren ileak ia ez du eroslerik”, esan du Luis Angel Oiarbidek, artile saltzaile zegamarrak. Zehatz esanda, gaur arte, ibarreko artzainen artile erosleen artean zegoen Oiarbide. Ostean, ardi ilea lehengai gisa darabilten enpresei –tartean, moketa eta alfonbra ekoizleei– saltzea zen haren asmoa; azken urteetan, ardi latxaren artilearen erabilera baztertzen dihardute horiek.

Bestetik, oihalgintzarako ere erabiltzen da tarteka; baina sektore horrek ez dio beste ardi arrazen artileari besteko estimu latxarenari, latza delako. Laztasun horretan sakonduz, aipatu beharrekoa da Euskal Herriko klimarako ile egokia duela lurraldeko ardi arraza autoktonoak. “Errazago lehortzen da artile latza. Beraz, egokia da euri asko egiten duen
eremuetarako”, argitu du Ion Murgiondok, Etxezuri baserriko artzainak.

 

Irtenbidea lantzen

Arazoari irtenbidea eman nahirik, horren bueltako plangintza eraikitzen dihardu Debagoieneko Mankomunitateak, baserri bakoitzean ardi ile asko sortzen dela jakitun. “Baserritar ugari jarri ziren gurekin harremanetan, aurten artile eroslerik ez zutela esanez. Beraz, ez zekiten zer egin euren ardien ilearekin”, argitu du Lander Arregik, Debagoieneko Mankomunitateko Ingurumen eta Zabor Bilketa arduradunak.

Horri buelta emateko, beraz, artilea biltzeko zerbitzua jarri zuen martxan mankomunitateak; Deba Garaia Landa Garapen Elkartearen laguntza du jardun horretan. “Tristea litzateke baturiko ardi ilea galtzea, erabilgarria baita”, gaineratu du Arregik.

 

“Aurreko urteetako artilea saldu arte, ezin dut gehiago erosi”, Luis Angel Oiarbide artile eroslea.

Azken urteetan egon da ibarreko ardien artilea erosteko interesa erakutsi duenik. Luis Angel Oiarbide zegamarra dago horien artean. Oiarbidek moketa eta alfonbra ekoizleei saldu guran erosten zuen artilea, baserritarren eta enpresa ekoizleen arteko zubi-lana eginez. Bada, hogei urte zeroatzan jardun horretan; duela bi urte, enpresa erosleak ardi ileaz ekoitziriko produktuak saltzen ez segitzeko asmoa jakinarazi zion arte. Hori horrela, Oiarbidek ekinbidea baztertzea erabaki zuen –denbora batez, behintzat–.

“Finean, artilea erostea eta saltzea zen nire jarduna. Osteko prozesua enpresa eroslearen esku gelditzen zen”, dio Oiarbidek. Besteak beste, ekoizpen prozesuan sartu aurretik, garbiketa –eta, kasu batzuetan, tindaketa– du beharrezko ardi ileak.

Oiarbideren hitzetan, bestetik, Espainiako Estatutik kanpo merkatu zabalagoa luke ardi latxaren ileak, baina “exijentzia
handiekin”. Argitu duenez, “trataturiko artilea eskatzen dute atzerriko enpresa gehienek”. “Oraindik aurreko urteetako artile asko dut pilaturik. Hori saldu arte, ezin dut gehiago erosi”, azaldu du Oiarbidek. Beraz, etorkizunera begira, ez du proiektuari berrekitea baztertzen. Hori bai, esan duenez, “baldintzak sortu behar dira horretarako”. Balio ekonomikoa, behera Esan bezala, beheraka doa ardi latxaren artilearen prezioa, erosle kopurua murritza baita. “Ia-ia merkaturik gabe gelditu den lehengaia da”, berretsi du Oiarbidek.

Horri lotuta, erreferentzia gisa erabil daitezkeen datuak dakartza gogora: “Duela hamar urte, 60 zentimoan zegoen ardi latxaren artile kilogramoa; duela bi urte, berriz, 20 zentimora jaitsia zen. Ezin uka beherakada nabarmena izan duela”.

Bilketa zerbitzua, artilearen arazoari irtenbidea eman guran

Arazoari irtenbidea emateko ahaleginean, ardi latxaren ilea batzeko egitasmoa abiatu zuen Debagoieneko Mankomunitateak uztailean; Deba Garaia Landa Garapen Elkartearen laguntza izan zuen jardun horretan. “Baserritarren eskaerari erantzuna eman guran ekin genion proiektuari”, dio Lander Arregik, Debagoieneko Mankomunitateko Ingurumen eta Zabor Bilketa arduradunak.

Esan beharrekoa da, orain arte, baserritar horiei erosle partikularrak joan izan zaizkiela artilea eskuratu guran. Dena den, beheraka doa erosle partikularren interesa; batez ere, gero eta zailagoa zaielako eskuraturiko artilea saltzea. “Kalitate aldetik, ardi latxaren ilea ez da oso ona. Beraz, egun, oihalgintzan ez da oso erabilia”, argitu du Arregik. Balizko erosle kopurua murrizten du horrek. Egoera horretan, ba, euren ardien ilearekin zer egin jakin gabe gelditu ziren artzain asko.
“Artile ugari sortzen da ardiei ilea moztean. Saldu ezean, errefusa gisa amaitzeko arriskua dago. Beraz, hori ekidin guran, irtenbidea eskaini beharra zegoen ezinbestean”, argitu du Arregik.

Debabarrenekoa, eredu Egitasmoa bera ez da burugabean egindakoa: Debabarreneko eredua izan dute oinarri. “Baliagarri izan zaigu bertako erakundeen esperientzia”, azaldu du Arregik. Esaterako, horien bidez jarri ziren harremanetan bildutako artilea jaso zuen enpresarekin; zehatz esanda, Mutrikun dagoen Recuperados Isasi SL enpresaren ardura da osteko prozesua kudeatzea –artilea garbitzera bidaltzea eta enpresa ekoizleei saltzea, hain zuzen–.

Bestetik, aipatu beharra dago artile bilketarena ez dela guztiz definituriko egitasmoa; datorren urtera begira dihardute, bilketa osteko prozesuan sakontzen. “Batu ondorengo kudeaketarako bestelako alternatibak bilatzen dihardugu”, dio Arregik. Tartean, Gipuzkoako Diputazioarekin dihardute harremanean, “aukera Bilketa zerbitzua, artilearen arazoari irtenbidea eman guran Artzaina, artaldea eramaten, txakurraren laguntzarekin. Artilea batu osteko garbiketa egiten, Ingalaterrako fabrikan. balego, lurraldeko baserriak bilduko lituzkeen zerbitzu bateratua adosteko”.

Aurreikuspenen arabera, datorren urtean 350 eta 400 tona artile jasoko lirateke Gipuzkoan. Deba Garaiaren zeregina Esan bezala, Deba Garaia Landa Garapen Elkartearen laguntzarekin jardun zuen Debagoieneko Mankomunitateak; zehatz esanda, artilearen bilketa kudeatzeaz arduratu zen Deba Garaia. Beraz, besteak beste, baserritarrekin harremanetan jartzea, bilketa mapa diseinatzea eta jasotako artilea Recuperados Isasi SL enpresara eramatea –bildu ostean, noski– izan zen elkartearen zeregina.

Egitasmoaren arrakastaz mintzo, bestetik, Agurtzane Diaz Deba Garaiako kidearen esanetan, “aurreikusitakoa baino artile gehiago jaso zen”. Erreferentzia gisa, lehen egunean –Bergara eta Oñatin– bi joan-etorri egin behar izan zituen
bilketa kamioiak; zazpi tona eramateko edukiera du ibilgailuak. “Tartean, aurreko urtetik gorderiko artilea zegoen;
alegia, jasotako guztia ez zen artzainek azken urtean pilatutakoa”, argitu du Diazek. Artilea, lehor halabeharrez
Berrerabili ahal izateko, artileak lehor egon behar du ezinbestean; bestela, errefus bihurtuko litzateke. Horrenbestez, eguraldiak badu zeresanik bilketa prozesuan; eguraldi txarra eginez gero, bilketa plangintza moldatu beharra legoke –edo atzeratu–.

Alegia, baserritarrek aurreko egunean eraman behar izan zuten artilea bilketa gunera. Euria egin izan balu, beraz, busti egingo zen artilea; eta, esan bezala, ezingo zen berrerabili. “Zorionez, ez zuen euririk egin”, dio Diazek. Bildu ostekoa
Aurten, Mutrikuko Recuperados Isasi SL enpresak jaso du ibarrean baturiko ardi ilea. “Beti ibili izan naiz baserriaren bueltan sortzen diren artilea, plastiko berrerabilgarriak eta bestelakoak batzen”, azaldu du Iñigo
Arrizabalagak, enpresaren jabeak. Recuperados Isasi SL sortu zuen arte, erosle partikular moduan ziharduen.

Bildu ostean, artileak tratamendu berezia du beharrezko. “Garbitu beharra dago; eta, kasu batzuetan, tindatu
ere egiten da. Artile zuria preziatuagoa da”, argitu du Arrizabalagak. Hala, batu ostean, garbiketa enpresara bidaltzea
dagokio; hemen inguruan, Salamancan eta Portugalen daude halakoak.

“Ekoizleek beste ardi arraza batzuen artilea darabilte lehenik; eta, hori bukatzean, latxarena eskatzen dute”, dio Arrizabalagak. Hala, azarora bitartean izan ohi du artilea biltegian gordeta. “Ekoizleek garai horretan eskatzen dute”, gaineratu du. Dena den, aitortu duenez,z artilearen salmentak ez du diru askorik ematen: “Finean, baserritarrei zerbitzua eskaintzeko egiten dut, tokia izan badut eta”. Aurten beste urte batzuetan baino gehiago batzea aurreikusten du: kalkuluen arabera, 40 eta 50 tona artean batuko ditu.

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak