Epaileak Bidegi auzia bost urtez luzatu du, gertatutakoa sakonki ikertzeko

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko eka. 15a, 11:48
Eskoriatza eta Arlaban bitarteko AP-1 autobidearen zatia.

Bidegi auziko gertakarien garrantzia eta konplexutasun tekniko maila ikusita, fiskalak instrukzio fasea 5 urtez luzatzea eskatu zuen. Ekainaren 6an, epaileak eskaera hori onartu egin du. EH Bilduk pozez hartu du epailearen erabakia, aurreko Foru Gobernuak jarritako salaketei "sinesgarritasuna" eman dielako epaileak eta fiskalak.

EH Bilduk Bidegi auziaren nobedadeak jakitera eman ditu. Koalizioak jakinarazi duenez instrukzio fasea 2022ra arte luzatu da, epaileak gertatutakoa "sakonki ikertzeko zergatiak" ikusi dituelako.

Bidegi auzian pertsonatuta dauden hiru batzarkideek – Judit Garcia, Iban Asenjo eta Jon Albizu- auzia "erabat argitzeko" konpromisoa berretsi dute, gaiak eskatzen duen "seriotasuna eta zuhurtzia" eskainiz. Asenjok Bidegi auziaren oinarriak gogora ekarri nahi izan ditu eskainitako prentsaurrekoan. Aurreko Foru Gobernuak AP1eko autobidearen obretan "ustezko irregulartasunak eta delitu zantzu oso larriak" atzeman zituela esan du eta "guztira, 30 milioi euroko ustezko diru xahuketa" aurkitu zutela bertan. Zantzu hauek izan ziren bi kereila jartzeko arrazoiak, horrekin diru publikoaren ustezko erabilera okerra argitzeko helburuarekin. Epaitegiak bi salaketak onartu zituen eta bost pertsona daude inputatuta. Ekainaren 6an, epaileak fiskalaren eskaera onartu du eta beraz, instrukzio fasea bost urte gehiago luzatuko da.

EH Bilduren ustez, epailearen erabakiak "argi erakusten du gai hau oso serioa dela eta aurreko Foru Gobernuak jarritako salaketek fundamentua eta oinarri juridiko sendoa dutela". Gainera, Gipuzkoako Aldundiari eta hainbat ordezkari politikoei "gaia seriotasunez hartzeko eta arduraz jokatzeko" eskatu
diete, AP1eko obretan egondako ustezko irregulartasunak "oztoporik gabe" ikertu eta argitu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak