Euskal kultura eta hizkuntzak: diskurtsoak eta Hego Euskal Herriko liburu ekoizpena euskal/espainol ardatzaren argitan izeneko tesia defendatu zuen Iztuetak 2016ko irailean. Lan horren laburpen modura, Utriusque Vasconiae argitaletxeak Cultura vasca vs. euskal kultura izenburua duen liburu mardula eta mamitsua argitaratu zuen; eta hain justu, saiakera hori da Iztueta eta Zabalaren arteko solasaldiaren ardatz nagusia.
Euskal kultura euskaraz egindakoa da bakarrik ala gazteleraz edo frantsesez egindakoa ere bai? Galdera horren erantzunaren bila jardun zuen Iztuetak; eta abiapuntu moduan Txillardegik eta Ramon Zallok esandakoak aukeratu zituen. Txillardegirentzako, "euskal kultura euskaraz baino ez da posible euskara delako egiazki bereizten gaituen gauza bakarra"; eta Zallorentzako, berriz, hizkuntzak ez du horrenbeste garrantzirik, eta halaxe dio: "Euskal Herrian bizi den jendearen nortasunak askotarikoak dira, beraz, espainolez eta frantsesez egiten dena ere euskal kultura da".