Euskara hirugarren hizkuntza Goienako irakurleen artean

Jokin Guridi 2017ko eka. 2a, 12:20
Argazkia: bergara.eus

Oraindik nabigatzailea euskara ez den beste hizkuntza batean duten pertsonak gehiengoa dira gure gizartean eta ondorioz, beraien Interneteko jarduna beste hizkuntza batean egiten dute. Goienako irakurleen kasuan, nabigatzaile gehiago daude ingelesez euskaraz baino.

Urtetan zehar lan eskerga egin da euskara esparru guztietara zabaltzeko eta horretan ari dira PuntuEUS Fundaziotik ere, euskara Internetera zabaldu nahian. Kalean, eskolan edota etxean gertatzen denaren aurkakoa gertatzen baita mundu digitalean, hau da, beste esparruetan euskararekiko sentsibilizazioa hazi eta bere erabilera normalizatzeko bidean dagoen bitartean Internet oraindik ere arrotza da euskararentzat.

Goienaren kasua ikusi besterik ez dago. Eduki guztiak euskara hutsean jorratzen dituen hedabide bat izanik, suposa daiteke bere irakurle gehienek euskaraz aritzeko arazorik ez dutela beraien egunerokotasunean, eta erabiliko dute seguruenik. Hala ere, datuek diote irakurle hauen %88ak oraindik gazteleraz nabigatzen dutela Interneten, %6ak ingelesez eta %5ak soilik euskaraz.

Sarean egin daitekeen normalizaziorako bidea egiten hasteko lehen pausua erraza da. Nabigatzailea euskaraz jarriz gero, euskarazko bertsioa duten orrialde guztiak euskaraz ikusiko dira hasieratik eta euskarazko bertsioa ez duten horiei, euskarazko nabigazio bat egiten ari dela azalduko zaie. Hau garrantzitsua da garapenak egiterako orduan garatzaileek euskara kontutan izan dezaten eta sarean euskararen erabilera normalizatzen joan dadin.

Nabigatzailea euskaraz jartzeko, esteka honetan edo Goienako portadako eskuineko zutabean “Ups! Dirudienez, ez zara ari euskaraz nabigatzen. Bazenekien?” jartzen duen tokian klik eginez gero jarraibide batzuetara heldu daiteke, edo bestela, zuzenean, nabigatzailearen ezarpenetatik ere egin daiteke. Oso erraza da eta minutu pare batean lortu daiteke.

Euskararen normalizazioaren bidean badaude denbora oso gutxian egin eta lorpen handiak suposatzen dituzten gauza gutxi batzuk, eta hau, horietako bat da. Animatu eta lagundu ezazu Internet euskaldunago bat lortzen.

Erlazionatuak

Interneten ere, lehen hitza euskaraz

Itziar Larrañaga Sarasola 2017 mai 16 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak