EH Bildu: ahots propiorako bidean

Ubane Madera 2017ko mai. 29a, 21:00

Koalizio izatetik subjektu politiko bilakatzeko eratze prozesuan dihardu EH Bilduk. Ekainaren 17ko kongresuan gauzatuko da ibilbidea; besteak beste, bilkideei, EH Bildurenak berarenak izango diren militanteei, lekua egin gura diete, erabakimena aitortuz

EH Bildu "denon etxea" izatea; "alderdi jakin batekin loturarik ez duten pertsonak eta sektore politikoak bilduko dituen subjektu politiko" izatea; "militantzia komuna" ahalbidetzea, "bilkide" izango direnei erabakitzeko eskubidea aitortu eta ematea…, azken batean, identitate eta "ahots" propioak izatea. Hori gura dute bermatu EH Bilduren baitan abiarazitako eratze prozesuaren bitartez.

Ekainaren 17an gauzatuko da berau, Bilbon egingo den kongresuan. Eta ordura arte herritarren parte hartzea eta ekarpenak bideratzeko erremintak jarri ditu koalizioak eskura; izan ere, besteak beste, EH Bilduren "mahai politikoko ekipoa, bakoitzari dagokion herrialdeko arduraduna eta idazkari sektorialak proposatu eta hautatzeko aukera" izango dute kongresuan,  EH Bilduren prozesu eratzailean parte hartzen duten guztiek; horretarako: kongresua.ehbildu.eus. webgunean erregistratu beharra dago. "EH Bildu herritarron neurrira egitea lortuko dugu guztion artean", azpimarratu dute.  

Zuzeneko informazioa

Ildo horretan, prozesu eratzaile horren nondik norakoak ezagutzera emateko eta bertan parte hartzeko bideak azaltzeko hitzaldiak dabiltza antolatzen Debagoienean.

Oñatin egin dute horietatik lehena, oraingo astean, Juan Karlos Izagirre eta Maider Otamendiren partaidetzarekin. Bergaran ere egin zuten, maiatzaren 23an, martitzena, Marian Beitialarrangoitia eta Gari Mujikarekin.

Eta Arrasaten ere izango da informazioa eskuratzeko aukera. Maddalen Iriarte eta Unai Larreategi izango dira hizlari, maiatzaren 30ean, Kulturateko Areto Nagusian, 18:30ean. 

Oro har, koalizioa osatzen duten Sortu, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Alternatiba alderdiek, guztiek ikusten dizkiote onurak prozesu eratzaileari; ahots kritikoak ere plazaratu dira, EAren ingurutik, bereziki; baina kritikoek ere EH Bilduren alde egiten dute.

Koalizioa osatzen duten alderdien irakurketa

Larraitz Ugarte. Legebiltzarkidea (Sortuko kidea)

"Ezkerreko independentismoa oso anitza dela demostratu behar dugu"

"Oso modu naturalean, alderdi desberdinetatik gatozenok gure lana EH Bildu bezala egin nahi dugu. Neuk Sortuko kuota ordaintzen dut, baina EH Bilduko militantea naiz. Kide guztiok botoa izatea nahi dut, eta gure botoa errelebanteena izatea. Interesgarria da alderdiak egotea, eta eurek ahots propioa izatea; baina EH Bilduk ahots propio bat izan behar du, bere militanteek, bilkideek nahi dutena. Subjektu politiko bilakatzeko prozesua ez dago hauteskunde emaitzekin lotuta. Barne beharrekin lotuta dago; egitura eta modu efizienteagoak behar ditugu gauzak egiteko, eta EH Bilduren potentzialitatea biderkatzeko. Koalizioa osatzen duten alderdien artean beldurrak sortzea ulergarria da, baina EH Bilduk argi esaten du alderdien ahotsa ere beharrezkoa dugula.

Hau denon etxea izatea lortu behar dugu, oinarri komun batzuekin gobernuan eta instituzio gehienetan dagoen eredu horri alternatiba sendo bat eman, eta demostratu behar dugu ezkerreko independentismoa oso anitza dela, modu asko daudela ezkerreko soberanista izateko eta sentsibilitate guztiak islatu ahal dituela".

Pello Urizar. Legebiltzarkidea (EA-ko idazkari nagusia)

"EH Bilduri buelta ematen diogu, irekitzeko, aniztasuna bermatzeko"

"Desadostasunak EAn agertu dira; berria den edozertan, etorkizuna ez dago lotuta eta ziurgabetasun puntu bat egoten da; horren baitan aukerak edo mehatxuak ikus daitezke. Gidatzen dudan zuzendaritzak apustu egiten du aukera bezala ikusteko; horrela ikusten dute EH Bilduko beste eragile politikoek eta EH Bildu osatzen edo osatuko duten banakako pertsonek.

EH Bilduri buelta ematen diogu, irekitzeko, aniztasuna bermatzeko, parte hartzean sakontzeko, eta alderdi politikoek eskuzabaltasunez jokatu beharra dugu. Inkesta soziologiko guztiek esaten dute Euskal Herriko gizartearen identifikazio handiena erdialdetik ezkerrera dagoela, eta hori izan behar da EH Bilduren joko esparrua, baina, horretarako, marka politiko konkretu batzuetatik harago esparru horretan ere jokatu nahi dutenei atea irekitzeko ezinbesteko aukera da. 2014 bukaeratik zerbait egin beharreko ideia mahai gainean zegoen, baina etengabe hauteskundeak izan ditugu…

Helburua argia da: Euskal Herriak behar duen aldaketarako EH Bildu ezinbestekoa da, berau izan behar da alternatiba; Nafarroan, Iruñean, Gasteizen…moduan".

Rebeka Ubera- Legebiltzarkidea (Aralarko idazkari nagusia)

"Alderdiek eta koalizioek gizartearen beharretara egokitu behar dugu"

"Premia dugu eta ezinbestekoa da. Gizartea asko aldatu da eta alderdiek eta koalizioek gizartearen erritmo, eboluzio eta beharretara egokitu behar dugu. Eta EH Bildun parte hartzen duten eta kide diren pertsona independente horiei ere tokia eman nahi diegu. Halakoetan sortzen diren beldurrak normaltasunez hartu behar dira, errespetuz. Baina ahotsok esaten dute alderdiek nortasuna galduko dutela, profilak ahuldu… eta ez da horrela. Ze EH Bilduren akordioan jasotzen da alderdiek jarraitu egingo dutela.

Bestalde, esango nuke azken hauteskunde orokorrek eman diotela prozesuari azken bultzada. Eztabaida hau aspaldi buruan geneukan EH Bildun eta alderdion artean. Baina hauteskunde ugari izan ditugu… Horrek ez du kentzen 2015eko hauteskundeen ostean identifikatu genituela zenbait akats, eta hausnarketak egin genituela. Gure jomuga argia da: Euskal Herri aske bat bilatzen dugu, erabakitzeko eskubidea eskuratzea, osasun, hezkuntza, enplegu politika propioak egiteko baliabideekin… eta horretarako erabakiak guk hartu behar ditugu gure gizarteari egokituta eta ez Madrilen menpe".

Juan Ramon Garai. Alternatibako kidea

"EH Bilduk militantzia komuna izango du erabakiak batera hartzeko"

"Euskal Herriko ezkerreko indarren elkarlana sustatzea zen helburu nagusia eta horregatik egon gara lanean sorreratik gaur egunera arte. EH Bildun berez urteotan gertatu denari forma ematera goaz; ariketa demokratikoa da, gaur egun alderdien esku daudelako erabakiak eta hemendik aurrera EH Bilduk militantzia komuna izango duelako, erabakiak guztion artean hartzeko, EH Bildu irekiagoa izateko. Prozesu bizia da, ekarpenen bila gabiltza, zuzendaritza organoak edozeinentzat irekiak izango dira eta alderdietako batean gertatzen ari den gatazka da militantzia mugitzen ari den seinale.

Lehia horretan, gainera, alde biek berretsi dute EH Bilduren aldeko apustua. Gizarteak erakunde inportanteen gidaritzan jarri gintuen: Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Iruñekoa… eta Maroto bezalako pertsonaia bat kanporatzeko giltza izan gara. Helburu politikoa da gizarte justuagoa eta herri burujabea lortzea. Gainera, EAJk, PSEk eta PPk ez dute konplexurik elkarlanean aritzeko eredu kapitalistaren aldeko politikak aurrera ateratzeko, eta horren aurrean ezkertiarroi tokatzen zaigu gure artean ere elkarlan hori sustatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak