Haurrak ere musika sortzaile, mugikorreko aplikazioei esker

Teknologiak hainbat gauza errazago bihurtu ditu azken urteetan eta musika munduak berrikuntza hauek era natural batean barneratu ditu. Esaterako, instrumentu berriak sortu dira eta baita musika eta soinua ulertzeko erak ere, gailu mugikorrak musika instrumentu bihurtu arte.

Jakina da Debagoienean musika zaletasuna handia dela. Horren adibide dira azken egunetan eskualdean izan diren Bergarako Musika Eskolak antolatutako musika moderno lehiaketa eta Aramaioko Musika Eskolak antolatutako Musika Astea, edota asteburuan izango den Arrasate Musikalek antolatutako ikasleen gitarra topaketa. Hala ere, bada beste hitzordu bat musikarekin zerikusia duena asteburu honetan eta bertan Musika Eskoletatik kanpo aurkitzen diren beste instrumentu eta gailuak erabiltzen dituzte. Bergarako Elektronika Topaketaz ari gara eta bertan izango diren artistek erabilitako gailuak gertuago daude ingeniaritzatik solfeotik baino.

Honen harira, musika gailu desberdinez egin daiteke eta mugikor edo tablet batekin musika klasikotik elektronikoraino doazen doinuekin jolasteko aukera dute gaur egungo haurrek, soinuekin esperimentatu eta melodiak sortzen ikasteko musika instrumentuak erosi beharrik gabe. Jarraian hainbat aplikazio aurkezten dira, guztiak 4 eurotik beherako prezioa dutenak eta haurren sorkuntzarako grina piztuko dutenak.

Musika sortzen duten aplikazioetan sartu aurretik, etxean aurkitu daitezkeen gauzekin nola musika egiteko proposamenak eskaintzen ditu Duckie Deck Homemade Orchersta aplikazioak. Botila hutsak, giltzak, eltzeak edota gomak erabilita musika sortzeko aukera ematen du aplikazioak eta lehen hezkuntzan dauden haurrentzat egokia da.

Haurrek txikitatik musika sortzen ikasteko aplikazioak ere badira, Melody Jams adibidez. Bertan, pertsonaia desberdinak agertzen dira eta bakoitzak instrumentu bat eta melodia bat jotzen du. Hauen konbinaziotik sortzen da musika era oso intuitibo batean eta norberak ere instrumentu bat aukeratu eta melodiak edo erritmoak gehitzeko aukera du. iOS sistema eragilean bakarrik instalatu daiteke eta lehen hezkuntzako haurrei zuzendua dago.

Ikuspegi klasiko batetik berriz, bi aplikazio nabarmentzen dira: Easy Music eta Magic Piano. Lehena, musika ikastera bideratutako aplikazioa da, notak, doinuak, erritmoak eta melodiak erakusten ditu modu interaktiboan. Bigarrena berriz, izenak esaten duen bezala pianoarekin melodiak sortzen ikastera bideratuta dago. Biak dira 5 urtetik aurrerako haurrentzat gomendagarriak.

Musika elektronikoarekin erlazionatuagoak daude hurrengo bi aplikazioak, ez sortzen duten musikagatik baizik eta elektronika kulturarekin zerikusi gehiago duten praktikak azaltzen direlako bertan. Crayola DJ musika nahasten lehen pausuak emateko egokia da, bi soinu-pista ditu eta BPMak doitzea ere ahalbidetzen du. Loopimal berriz, sekuentziadore batetik gertu dago eta musika eta irudiaren konbinazioaren bitartez animazioak sortzen ditu. 6 urtetik aurrerako haurrentzat zuzenduta daude biak.

Azkenik, nagusiagoak diren haurrentzat Medly Music Maker bezalako aplikazioak daude. Aplikazio hau konplexuagoa da aurrekoak baino eta soinu editore baten antz gehiago du, instrumentu desberdinen samplerren bidez era askotako musika sortzeko balio duena era sinple batean. iOSen bakarrik instalatu daiteke eta 10 urtetik aurrerako “haurrentzat “ da egokia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.