TBX proiektu berria da, hilabete eskas pasa da aurkeztu zenetik eta euskaldunek sarean ikusten dituzten bideoen sailkapen automatiko eta jarraitu bat da. Proiektuaren helburua euskarazko bideoen ikusgarritasuna handitzea da eta momentuz eguneko, asteko, hilabeteko eta urteko bideo ikusienak biltzen ditu. Euskarazko bideoak sailkatzeko dago prestatua, baina euskaldunak sare sozialetan komentaturiko erdarazko bideoak edo hizkuntzarik ez dutenak ere sartzen ahal dira sailkapenetan.
Algoritmo propio bat garatu du CodeSyntax enpresak TBX proiekturako, zenek bideoak eta kanalak detektatu eta haien ikusgarritasunaren edo arrakasta erlatiboaren arabera antolatzen dituen. Bideoarekin batera honen inguruko informazioa erakusten du, besteak beste, kanalaren izena, bideoaren deskribapena eta unean uneko sailkapena. Momentuz, YouTubeko bideoak bakarrik agertzen dira, zerbitzu honen APIa delako automatikoki ustiatzeko aukera ematen duen bakarra, baina beste bideo zerbitzu batzuetara zabaltzeko asmoa erakutsi dute garatzaileek, adibidez, Vimeo edo Facebook bezalako webgunetako bideoak hartzekoa.
2010ean sortu zen UMAP Twitterreko euskarazko txioen batzailearen ideiari tiraka sortu da TBX, izan ere, honen teknologia eta baita Robsoc i+G proiektuaren teknologia erabili baitu CodeSyntaxek zerbitzu berri hau abiarazteko. Gaur egun YouTubeko euskarazko bideoen batzaile den honek etorkizun batean beste zerbaitetan bilakatzeko aukera ere azaldu dute garatzaileek. Esaterako, telebista bat, artxibategi historiko bat edota Youtuber komunitate baten bilgunea izatera iritsi daiteke.