Euskarazko testuak ikustean, askotan akats ortografikoak ikusten dira. Adibidez, lagun batek Telegrametik bidalitako mezu batean, jasotako emailetan edo irakurritako dokumentu batean aurkitzen dira akats hauek. Hau ekiditeko badira hainbat aukera, mugikorrerako euskarazko teklatua instalatzea bezala, baina bada tresna bat ia edozein gailutan erabili daitekeena: zuzentzaile ortografikoa.
Euskarazko zuzentzaile ortografiko ezagunena Xuxen izenekoa da, orain dela bi hamarkada sortua eta erabilera zabalekoa dena. Elhuyar Fundazioak eta IXA ikerketa taldeak mantendutako proiektua da Xuxen eta webgunean, ordenagailuan eta mugikorrean erabili daiteke. Zehazki, OpenOffice, LibreOffice, TextEdit eta Microsoft Office testu-lanketarako programetan, Firefox, Chrome, Safari eta Internet Explorer nabigatzailetan eta Adobe InDesign softwarean erabili daiteke ordenagailuetan. Mugikorretan ere instalatu daiteke Android eta iOS sistema eragiletan baina aparteko aplikazio gisa instalatzen da. Hala ere, aplikazioan idatzitako testua zuzendu eta beste aplikazioetatik partekatzeko aukera dago. Erabilera eta hedapen aldetik nagusiena da Xuxen, eta Euskaltzaindiko Hiztegi Batuko eta Elhuyar Hiztegietako azken aldaketak barneratzen ditu azken bertsioan. Bertsio honetan, akats ortografikoak detektatzeaz gain, proposamen gramatikalak egiten ditu.
Baina bada Xuxenetik kanpo beste zuzentzaile batzuk erabiltzeko aukera. Azken honekin harreman zuzena duen beste itzultzaile bat Xuxen B izenekoa da, bizkaieraz idaztea nahi duten horientzat egindako zuzentzailea. Labayru Ikastegiak, Elekak eta IXA ikerketa taldeak elkarlanean garatutako zuzentzailea da eta Labayru Ikastegiak garatutako bizkaiera estandarra hartzen du eredutzat akatsak detektatzerako orduan. Xuxen eta Xuxen B aldi berean eduki daitezke instalatuta eta beharraren arabera erabili.
Azkenik, bada hain ezaguna ez den beste zuzentzaile bat ere. Bere izena Hobelex da eta euskarazko lehen lexiko-zuzentzailea da. Zuzentzaile ortografiko hutsek ez bezala, hobespen lexikoak ere egiten ditu testuaren egokitasuna bermatze aldera. LibreOffice, Microsoft Office eta webgunean bakarrik erabili daiteke momentuz. Berezitasun nagusietako bat, lexiko proposamenak egiteaz gain, Euskaltzaindiaren arauen eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen erabakiak barneratzeaz aparte, komunikabideetako artikuluak eta bestelako euskarazko testuak arakatzen dituela da, bere datu basea osatzeko izen propioak ere gehituz. Gainera, norberak bere hiztegi pertsonala ere gehitu dezake Hoblexera, tresna pertsonalizatuak sortuz. UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak garatutako tresna da, hizkuntza-teknologien ikerketa eta garapenean erreferentetako bat, eta beraien webgunean eskuratu daiteke doan.
Beraz, ez dago aitzakiarik euskaraz zuzen ez idazteko, gutxienez, ortografiari eta lexikoari dagokionez.