Columbiako Unibertsitateko bi ikerlarik, Yaniv Erlich eta Dina Zielinski genetistak New Yorkeko genoma zentroarekin batera elkarlanean informazioa DNA molekula batean biltzeko sistema bat garatu dute. Molekula honetan 2MBko fitxategi bakar bateko informazioa biltegiratzea lortu dute, ingurune hotz batean gordez molekula informazio horretara sarbidea izateko beharra eduki arte. Orduan, alderantzizko prozesu baten bidez, informazio hori lortu daiteke. Fitxategi horretan Lumière anaien L’arrivée d’un train à La Ciotat 1885eko filma, sistema eragile bat, testu matematiko bat eta Amazoneko opari txartel bat ere bildu dute era konprimitu batean.
Hau lortzeko base nitrogenatu batera (A, C, G, T) itzuli dute kode bitarra (0, 1) DNA Iturria deitu duten algoritmo baten bitartez. Prozesuaren lehen pausua fitxategiaren kode bitarra kode genetikora itzultzea da. Ondoren, kode genetikoa Twist Bioscience Kaliforniako laborategira bidali dute DNA sintetizatzeko eta azkenik, DNA kode sintetikoa Columbian jaso dute deskodetu eta fitxategia ikusi ahal izateko.
Aurretik ere egin dira antzeko probak, adibidez, Hardvardeko Unibertsitatean egin zen 53,400 orriko liburua DNA sintetikoan gordetzea, baina mugatuak ziren eta akatsak ematen zituzten. Science aldizkarian azaldu dutenez, ordea, haiek garatutako metodoa erabat fidagarria da eta orain artekoek baino informazio gehiago gordetzeko aukera ematen du. Base nitrogenatuak beste sekuentzia batzuekin ordezkatuz base hauek jarraian askotan errepikatzea lortu dute eta hori zen orain arte arazo gehien ematen zituen pausua.
Prozesua akats gabe egitea lortu dute Columbian eta honek informazioaren biltegiratze arloan itxaropen berriak sortu ditu beste teknikak baino dentsitate handiagoa eskaintzen duelako eta baldintza egokian mantenduz gero, informazioak milaka urtetan zehar biltegiratzeko aukera eskaintzen duelako. Momentuz prozesu hau garestia da, 3,500 dolar amerikar megabyteko kostua du, baina DNA sintetikoaren garapenarekin merkeagoa bihurtu eta eskuragarriagoa izango dela espero dute ikertzaileek.