Musika eta inteligentzia artifizialaren arteko lotura kontzentrazioa, erlaxazioa eta loa hobetzeko

Jokin Guridi 2017ko mar. 3a, 11:28

Brain.fm zerbitzuak, garuna estimulatzeko helburuarekin, inteligentzia artifizialaren bitartez sortutako musika eskaintzen du oinarri zientifikoak kontutan hartuta.

Musika pertsona askoren egunerokotasunean barneratuta dagoen zerbait da. Musika erabiltzen dugu dantza egiteko, ondo pasatzeko, jai giroan… baina baita beste emozio batzuk sortzeko ere. Musika guztia ez da berdina eta erritmo eta doinu konbinazio bakoitzak emozio desberdinak sortzen ditu pertsonen baitan. Bada erlaxatzeko, kontzentratzeko edo lo egiteko musika erabiltzen duenik ere eta azken hauei zuzentzen den zerbitzua da Brain.fm.

Garapen egoeran aurkitzen den proiektu honek helburu bezala errendimendu mentala hobetzeko terapia digitalak eskaintzea du. Nolabait, merkatua horrelako mezu komertzialak dituzten aplikazioz josia dago eta urtetan zehar formatu desberdinetan musikaren bidez lo egin edo erlaxatzeko erak saltzen saiatu dira. Hala ere, Brain.fm zerbitzuak badu besteek ez duten berezitasun bat: neurologoak eta neurofisiologian, nanoteknologian eta gailu biomedikotan espezializatutako ingeniariak daude zerbitzu honen garapenaren atzean.

Sortutako musika guztia inteligentzia artifizial batek sortzen du, garatzaileek diotenez "1,6 milioi kode lerro baino gehiagoz osatutako inteligentzia artifiziala, neurozientzialari baten garuna eta musikari baten bihotza duena". Egindako garapena zientzialari desberdinek ikuskatzen dute eta beraien webgunean kontsultatu daitezke zerbitzua garatzeko egindako ikerketaren datuak eta emaitzak, zerbitzuaren oinarri zientifikoa edozeinen eskura utziz.

Brain.fm momentuz, mugikorrerako aplikazio bezala eta beraien webgunearen bitartez erabili daiteke. Erabiltzeko, entzungailuak jarri eta izan nahi dugun egoera aukeratzea nahikoa da, hau da, erlaxatuta, kontzentratuta edo lo egotea nahi dugun aukeratu eta entzungailuak janztea. Ordu erdiko sesiotatik hasita nahi dugun arte luzatu dezakegu jarduera, baina hasieran ez dute sesio luzeak egitea gomendatzen suposa dezakeen nekea dela eta. Izan ere, zerbitzua erabiltzen hasterakoan, edozein farmakok izan dezakeen prospektuaren antzerako zerbait onartu beharra dago pertsona batzuengan izan ditzakeen kalteen gainean ohartarazteko helburuarekin.

Zerbitzua erabiltzeko ordaindu egin behar da baina lehen 10 sesioak doan eskaintzen ditu norberak balio dion froga dezan. Doaneko sesio hauek bi ordutara mugatuak daude eta kontzentrazioa garatzeko aukera bakarrik erabil daiteke. Hori bai, egoera bakoitzaren barnean hainbat aukera daude soinu desberdinak probatu eta hobe egokitzen dena aukeratzeko. Zerbitzura harpidetu nahi izanez gero, hiru modelo desberdin eskaintzen du norberaren beharretara egokitzeko, eta denboran zehar norberak izandako progresioa ere erakusten digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak