Aldundiak adierazi duenez hitzarmenaren helburuak dira besteak beste, Gipuzkoan sortzen den konpostaren balioa, erabilpena eta merkaturatzea sustatzea; Ekogunearen Baratze Parkearen baratze ekologikoetan konposta ongarri organiko gisa erabiltzea; eta lurzoruaren emankortasunaren esparruan jardunbide iraunkorragoak sustatzea, herritarrek produktuaren balioaren eta kalitatearen inguruan kontzientzia hartzeko. Diputatuak zera nabarmendu gura izan du: "Produktua balioan jarri eta bere erabilera sustatzea guztion egitekoa da, onurak gizarte osoarentzat izango baitira".
Ekogunean dagoen Baratze Parke Sarean Gipuzkoako hamasei udalerri daude, horien artean, Elgeta. Ikaztegieta eta Beasaingo Baratze Parkeak abian jartzen dituztenean estatu mailako baratze sare handiena izango da, lur-sail ekologikoen 50.800 metro koadrorekin.
Gipuzkoa Konposta A kalitatekoa
Gipuzkoan lortutako konpost hori Gipuzkoa Konposta izenarekin merkaturatzen da eta A kalitatekoa da, "mailarik handienekoa", hain zuzen ere. "Gipuzkoarrok gure etxeetan oso ondo bereizten ari garen seinale", adierazi du Asenjok. Kalitate horri esker konposta baratze ekologikoetan erabil daiteke. GHK-k Lapatxen (Azpeitia) duen plantan ekoizten da konposta orain, eta laster, Epelen (Bergara) ere bai. Oraintsu eskuratu du, gainera, ongarri organikoaren erregistroa Epeleko plantak. Iragarri dute laster esleituko dituztela plantaren kudeaketa eta konpostaren merkaturatzea.