Antzuola eta Bergara arteko saihesbide zatia egiten hasi dira

Miren Arregi Amasorrain 2017ko ots. 28a, 14:07

Gaur hasi dira Gipuzkoa 632 errepideko Deskargako autobidean eraikitzeko falta den zatia egiteko lanak. Bi urtez izan dira geldi lanak, besteak beste, 2014ko uztailean eroritako ezpondagatik. Lanek 25 hilabeteko iraupena izango dute eta 2019ko udaberrirako amaituta izatea da asmoa. Horiek bukatzearekin, Gipuzkoako biribilgunea bukatutzat emango da.

Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano eta Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide, Bergarako Elena Lete eta Antzuolako Beñardo Kortabarria alkateekin batera, obraren hasieraren lekuko izan dira. Diputatu nagusiak, deskargako obra agintaldiko mugarri garrantzitsuenetakoa dela nabarmendu du: "Gaur hasten dugun obra hau agintaldi honetako mugarri garrantzitsuenetakoa da. Antzuola eta Bergara lotzen dituen ia bost kilometroko zatia da. Hala ere, bost kilometro horiek oso garrantzitsuak dira Goierri eta Debagoiena eskualdeetarako eta Gipuzkoa osorako". Eta gaineratu du: "Eskualdeen arteko desoreka gutxiago egongo da, eta ondorioz, desberdintasun gutxiago gipuzkoarren artean. Gipuzkoako biribilgunea amaitzen denean, gipuzkoar guztiek ahalmen handiko errepide bat izango dute, 15 kilometroko tartean". 

Behin errepidea bukatuta, Bergara eta Beasain arteko bidaia 11 minututan egin ahal izango da eta esan bezala, Gipuzkoako herri guztiek 15 kilometrora baino gutxiagora izango dute ahalmen handiko errepide bat.

2015ean bertan behera

014ko uztailean eroritako ezpondagatik eta obren gainkostuagatik, 2015ean bertan behera gelditu ziren lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresa eraikitzaileekin kontratua bertan behera utzi ostean. Ordura arte, lanengatik 44 millioi euro gastatu zituzten. Orain, azken tramua egiteko beste 41,7 bideratuko dituzte. Honenbestez, beraz, sei urteren ostean, 86 milioi euro bideratu ostean amaituko dituzte behin betiko lanak.

"Benetako ingeniaritza erakustaldia"

Aintzane Oiarbide azpiegituretako diputatuak nabarmendu du, egin behar diren bost kilometro horiek benetako ingeniaritza erakustaldia izango direla: "Aurreikusitako lanen artean, 11 lur-erauzketa, bederatzi lubeta eta bost egitura erraldoi daude".

Gaur hasi duten lehenengo fasean, obrak eragingo dituen hondakinak kudeatzeko instalazioak prestatuko dira eta lubeten naiz egituren zimendatze baldintzak egiaztatzeko katak eta prospekzioak egingo dira.

Bigarren fase baten ekingo diote saihesbidea bera eraikitzeko lanei. 

Bergararainoko lanak bukatuta, Bergara Elorrio arteko errepidea bikoiztea geldituko litzateke, horretarako, baina, oraingoz, ez dago proiektu zehatzik.

Diputazioak aurreikusita du Deskargan bidesaria ipintzea. Hain zuzen ere, bidesariari dagokionez, Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak esan du, ahalegin guztiak egingo dituztela hori horrela izan ez dadin.

AP-1ekin konektatzen den Antzuola-Bergara zatiak ia bost kilometro ditu eta saihesbidea amaitzeko proiektua UTE UZARRAGA aldi baterako enpresa elkarteari esleitu zaio. 41,7 millioi euro kostako da proiektua.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak