Gaur egun ohikoa da oraindik mugikorrean idazten eta jasotzen diren mezuen artean zuzentzaileak egindako interpretazio libreren bat ikustea. Donosita efektua deritzon horrek, euskarazko hitzak beste hizkuntza batean konfiguratuta dagoen zuzentzaile batek interpretatu eta aldatzean gertatzen denak, gertaera barregarri zein latz ugari sortu ditu euskal hiztunen artean. Librezale elkarteak, efektu hau ekiditeko eta euskaraz idazteko tresna eraginkor bat izateko asmotan, AnySoft Keyboard teklatua itzuli du.
AnySoft Keyboard hizkuntza desberdinetan idaztea nahi duten pertsonentzat pentsatutako teklatu bat da. Garatzaileek hainbat hizkuntza gehitu dizkiote baina irekita utzi dute hizkuntza desberdinak gehitzeko aukera. Horri helduz, erabiltzaileek hamarnaka hizkuntza gehitu dituzte, tartean, euskara ere. Gainera, beste hainbat teklatuk dituzten pribatutasun arazoak ekiditen ditu, beste teklatu batzuek idatzitako guztia beraien zerbitzaritan gordetzen baitute.
Librezalekoek Crowdin erabili dute itzulpen hau egiteko tresna gisa, eta Igor Leturiak Firefox OS-rako sortutako hiztegian oinarritu dira teklatuaren hiztegia sortzeko. Idatzi ahala, hitz proposamenak egiten ditu euskaraz hiztegi honi esker. Teklatua norberaren behar eta gustutara egokitu daiteke itxura aldetik eta funtzio gehigarri bezala, datraolat funtzioa dakar ‘d’ letra luzaroan zapalduz gero. Datraolat, zabalerarik gabeko zuriuneak txertatzeko gehigarria da, traola eta erabiltzaile-izenei kasu-marka eta postposizioak modu naturalago batean gehitzeko aukera ematen du funtzio honek.
Euskarazko AnySoft Keyboard teklatua Google Play edo F-droid bidez eskuratu daiteke. Hortarako, AnySoft Keyboard aplikazioa instalatu behar da (Google Play edo F-droid) eta ondoren hizkuntza paketea gehitu (Google Play edo F-droid). Librezalek zalantzak eta proposamenak jasotzeko bidea ireki du ere beraien Telegram kanalean.