Fagor Ederlan Group "pozik", 560 milioiko salmentak izan dituelako

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko ots. 17a, 20:00

2016ko ekitaldiaren balantze positiboa egin du Fagor Ederlan Groupek. Taldeko kideek horren arrazoiak eman dituzte: IZB azokan parte hartzea, British Foundry Medal saria eskuratzea eta erreferentziako hornitzaile global gisa sendotzea, besteak beste. 560 milioiko salmentak izan zituzten iaz.

Guztira 560 milioi euroko negozio zifra lortu zuen 2016an Fagor Ederlan Groupek, eta bertatik diote, automobilgintzaren sektorean erreferentziazko hornitzaile global direla. Talde osoa 3.600 langilek osatzen dute, dituzten hogei ekoizpen plantatan banatuta, eta iazko erronka betetzat jo dute. Hauxe azaldu du Fagor Ederlan Groupeko presidente Aitor Aspek: "Salmentak aurreikusitakotatik hurbil daude, pixka bat handiagoak izan dira, beraz, erronka betetzat jotzen dugu".

Automobilgintzaren hornitzaileen azoka garrantzitsuenetarikoa den Alemaniako IZB 2016 azokan parte hartu dute hirugarren urtez, eta hori ere oso ondo baloratu dute. Izan ere, 130 lagun baino gehiagoren bisitak eduki zituzten eta 20 bilera baino gehiago egin zituzten bezeroekin. "Bertan egotea guretzako ezinbestekoa da. Bertan erakusten diogu automobilgintzako mundu guztiari zer egiteko gai garen eta gure teknologiak zein mailatan dauden", adierazi du Aspek.

Beste mugarri azpimarragarri bat izan da British Foundry Medal saria eskuratzea. Horrekin onartzen zaie produktua arintze aldera materialak eta ekoizpen prozesuak garatzen egindako lana.

Bergarako planta

2016aren itxieran, Fagor Ederlan Groupek behe presioko aluminioaren galdaketarako bi planta berri zituen sortuta; bata Mexikon, eta bestea, Bergaran. Bergarakoari dagokionez, Fagorrek berogailuak egiteko zeukan planta berregituratu dute eta asmoa daukate urte honetan bertan emateko hasiera ekoizpenari, hau azaldu du Aspek: "Bergarako plantan iaz hasi ginen egin beharreko aldaketak egiten eta momentu honetan makinak sartzen ari gara. Urte honetan prozesu batzuk martxan ipiniko ditugu eta bezeroei eskatzen dizkiguten lehenengo piezak entregatu ahal izateko. Lau bat urte beharko ditugu planta hori betetzen eta espero dugu 200 lanpostu inguru sortzea".

Mexikoko planta

Bestalde, Mexikoko planta dela-eta, Amerikako Estatu Batuetako Donald Trump presidente berriaren politika protekzionistek kezkatzen duten galdetuta, Aspek azaldu du kezka beti sortzen dela horrelako egoeretan, eta nahiz eta orain kontu horrek denbora gehiegi ez kendu, esan du adi egongo beharko direla etor daitekeenari aurre egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak