2007an, Goienako Komunitateko Joxe Arantzabalek orduko euskal blongintzaren azterketa landu zuen Faroa blogean. Harrez geroztik, ez da berriro egin.
Horregatik orain, hamar urte beranduago, Azkue Fundaziotik euskal gizarte guztira zabaldu nahi da euskal blogintzari buruzko azterketa. Edozeinek bete dezake, sarean ibiltzen den edozein euskaldunek; bakoitzaren profilaren arabera, galdera batzuk edo beste batzuk erantzutea eskatuko du onlineko inkestak. Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin nahi da: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; baina baita irakurle, edo kontsumitzaileok zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutu eta zein behar sumatzen ditugun jakitea ere.
Inkesta zertarako?
"Etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria" izango dela uste dute Azkue Fundaziokoek. "Datu horiek baliagarriak izango dira arlo honetan lan egin eta ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak orokorrean, interneteko garatzaileak, erakundeak…" adierazi dute.
Inkestarekin honelako galderak erantzuten saiatuko dira Azkue Fundaziokoak: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?
Inkesta nola bete
Azkue Fundazioaren webgunean online bete ahal da inkesta eta test azkar gisa dago planteatuta.
Datuen aurkezpena
Inkesta honen emaitzak publikoak izango dira eta Azkue Fundazioak partekatu egingo ditu bere ohiko komunikazio baliabideen bidez. Emaitzen aurkezpena 'Blogetan! Euskal blogariak lehian' sari banaketa ekitaldiaren egunean egingo da, martxoaren 30ean, Bilboko Euskararen Etxean.