Gaur aurkeztu dira epailearen aurrean Ordaindu eta Eskuratu elkarteak, batetik, eta Mondragon Korporazioa, bestetik. Helburuetako bat izan arren epaiketaren hasiera data zehaztea, ez da horrelakorik gertatu. Aurre-audientzian, Mondragon Korporazioaren abokatuek zenbait akats azpimarratu dituzte Ordaindu eta Eskuraturen ordezkariek ipinitako salaketan; dokumentazio bat faltan igarri dute, baina, bereziki, salatari bakoitzak eskatzen duen diru-kopurua ze produkturengatik eskatzen duen ez zela zehazten azpimarratu dute. Epaileak arrazoia eman die eta esan du, zehaztasun hori egitea ezinbestekoa dela Mondragon Korporazioak bere burua egoki defendatu ahal izateko.
Horrenbestez, dokumentazio eta zehaztasun horiek aurkezteko hilabete inguruko epea eman die salatariei eta beste aurre-audientzia baterako deitu ditu. Apirilaren 11n izango da hori. Seguruenik aurre-audientzia horretan zehaztuko da epaiketa hasteko data.
Gaurko saiora, alde bakoitzaren abokatuak joan dira. Horrez gain, Ordaindu eta Eskuratuko zenbait kide ere bertaratu dira. Giro lasaian izan da bertaratzea. Hainbat komunikabide ere hantxe izan dira.
Ordainduko Mikel Olabek justiziarengan konfiantza duela berretsi du, epaitegira sartu aurretik.
Gertakariak argitzen laguntzeko gertu Mondragon
Mondragon Korporazioaren ordezkariek ez dute adierazpenik egin nahi izan, baina idatzi baten bidez, Korporazioak bere jarrera azaldu du berriro. Honako hau esan du: Mondragon epaiketa honetara doa, gertakariak erabat argitzen laguntzeko asmoarekin. Elkarteen eskaerei dagokienez, bere garaian egindako adierazpenak gogora ekartzen ditu Mondragonek, esanez, kooperatiba bakoitza bere erabakien erabateko erantzulea dela, eta bere etorkizunaren jabea; horregatik, Korporazioaren esanetan, ez du zentzurik Mondragonen bilatzeak kooperatiben jarraipenaren gaineko erabakien erantzukizunik, ez eta bazkideek eurena zen kooperatibara egin zituzten ekarpenak Mondragoneko erakundeei eskatzeak ere.