Basoa Fundazioko presidentea da Jorge Askasibar. Oñatin eta Bergaran egingo dituzten baso jardunaldietan hitzaldi bat eskainiko du eta moderatzaile lanetan ere arituko da.
Zeri buruz arituko zara jardunaldietan?
Euskal Herrian eta batez ere Gipuzkoan basoek azken 40 urtetan izandako bilakaera aztertuko dut. Arlo honetan administrazioek eta baso langileek egin duten esfortzuari buruz mintzatuko naiz.
Bilakaera horretan zer nabarmenduko zenuke?
Baso hostotsuak ugaritu egin dira nabarmen, eta koniferak murriztu egin dira, insignis pinua tartean. Izan ere, espezie lokalen alde eginiko apustuak eman ditu bere fruituak, eta paisaia orekatzen doa. Gipuzkoa eta Bizkaian, basoen %80a mendi pribatuetan dago. Ondorioz, lehenago horiek antolatzeko orduan irizpide nagusia etekin ekonomikoa zen. Gaur egun, berriz, ingurumen zein gizarte irizpideak ere hor daude. Gizartearen borondate ona igartzen da basogintzaren arloan.
Zer egiten duzue basoa fundazioan?
Batetik, fundazio moduan, gure laguntza eskaintzen dugu administrazioarekin eta bestelako elkarteekin basoaren iguruko proiektuak aurrera eramateko, eta bestetik, basogintzari buruzko informazioa zabaldu eta gizartea gai honekiko inplikatu dadin bilatzen dugu. Zentzu horretan, baso jardunaldi hauek oso garrantzitsuak dira. Horrez gain, egurraren erabilera bultzatu nahi dugu, industrian, eraikuntzan... Eta horretan ere hobetuz goazela uste dut; izan ere, gaur egun egurra duela 30-50 urte baino presenteago dago. Hori da bidea, Alemaniara, AEBtara edo Eskandinaviara begiratzea besterik ez dago. Gainera, basoak mantentzea garrantzitsua da; izan ere, arbolek CO2a oxigeno bihurtzen dute.
Basogintzan badago belaunaldi erreleborik?
Ez, eta hori da basogintzak duen arazorik eta erronkarik handiena gaur egun. Ez dago orain basoan lanean hasten den jende gazterik. Arazo oso serioa da hori. Baserri munduan orokorrean gertatzen den arazoa da hau, eta basoetan are gehiago.