Memoriaren plaza jendez lepo memoria historikoari buruzko ekitaldian

Xabi Gorostidi 2016ko aza. 29a, 19:53

Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Juan Ramon Garai eta Julia Monje kideek eta Paco Etxeberriak memoria historikoa ardatz zuen saioa egin dute eta herritarrek goraino bete dituzte bi aretoak. Aitortza instituzional eta sozialean urratsak eman diren arren, arlo judiziala hanka motz geratzen dela nabarmendu dute hiru hizlariek.

Arrasateko Memoriaren Plaza txiki geratu da memoria historikoari buruzko ekitaldia jarraitzeko. Adin eta sentsibilitate guztietako herritar ugarik gertutik jarraitu nahi izan dute Intxorta 1937 Elkartekoek eta Paco Etxeberria antropologoak esateko zutena.

Eneko Azkarate kazetariak saioaren aurkezpena egin ostean Juan Ramon Garai Intxorta 1937ko kideak hartu du hitza. Frankismoak eragindako kaltea agerian uzteko Arrasaten burututako ekimenak azaldu ditu. Frankoren aldekoek hasieratik edukitako aitortzaren aurrean, gerra galdu zutenen aitortza falta orekatzeko Oktubre taldeak egindako lanak aipatu ditu.

Herriko fusilatuen zerrenda, gerraren eraginari buruzko liburua edota fusilatuak herriko ohorezko seme izendatzeko eskakizunak izan dira horietako batzuk, eta Jose Luis Iñarra abadeak izandako jarrera ere goraipatu du.

1986an taldea sortzerakoan babes instituzional falta eduki zutela adierazi du. Geroago heldu zen babes hori, eta horren erakusle da 2003an Laubiden jarritako oroimen plaka. Hala ere, 1986an, babes hori beharrezkoagoa zela azpimarratu du, "garai horretan gerra zibileko lekuko askoz gehiago zeudelako bizirik".

Memoriaren plazako bi aretoak jendez gainezka izan dira gaurko saioan.

Garairi Julia Monjek hartu dio testigua. Garaik eta bere taldekideek egindako lan mardula eskertu du, eta etorkizunean egiteko dauden urratsak izan ditu hizpide. Zentzu horretan, 1931. urteko Arrasateko Udal ordezkariak omentzeko proposamena egin du. Fusilatuak, heriotza zigorrera kondenatuak, edo erbestera behartuak izan ziren, besteak beste, eta hori dela eta, herriaren aitortza egitea beharrezkotzat jo du.

Azkenik, memoria historikoaren alorrean lan azpimarragarria egin duen Paco Etxeberriak hitz egin du. Horren erakusle garbia da azken hamasei urtetan 500 hobi baino gehiagotik 8.000 gorpu ateratzeko egin duen lana.

Memoria historikoaren eraikuntza datu historikotan oinarritu beharrean, giza eskubideetan oinarritu beharko litzatekeela azpimarratu du Etxeberriak. Zentzu horretan, unibertsitateko historialari asko haserre daudela aipatu du. "Begi txarrez ikusten dute memoria historikoaren eraikuntza irakasleek, zientzialariek, idazleek edota rock abeslariek egitea" esan du. Memoria edukitzeko "eskubidea denona" dela azaldu, eta hau exijitzeko eskubidea ez litzatekeela inoiz agortu behar defendatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak