Lagunen omenaldi goxoa Nikolas Segurolari, haren biografia aurkezteaz bat

Julen Iriondo 2016ko aza. 26a, 18:05
Nikolas Segurola, jarrita, Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Murua agurtzen.

Arantzazuko bere fraide lagunekin batera, bertsolaritzako eta artzaintza arloko hainbat lagun batu dira eguerdian Gandiaga Topagunean, Nikolas Segurola omentzeko eta, bide batez, haren gainean Xabier Euzkitzek, Iñaki Beristainek eta Eduardo Urartek idatzi duten liburuaren nondik norakoak ezagutzeko.

Nikolas Segurola, fraide, artzain eta bertsolari izeneko liburuak Matxinbentakoaren hiru alderdi horiek jasotzen ditu. Beristainek izan du fraide alderdikoak jasotzeko ardura, Euzkitzek bertsolaritzakoak eta Urartek –albaitaria da– artzaintzari buruzkoak.

"Fraide bezala Nikolas oso anaia da, oso senidea. Urtero, gure urtebetetzean, bertsoak egiten dizkigu bakoitzari. Oso etxekoa da, etxerako modukoa. Bada, hori, Nikolas", azaldu du Iñaki Beristainek.

Euzkitzek, berriz, zera esan du, besteak beste: "Uste dut liburuak ederki erakusten duela bertsolaritzak nolako garrantzia izan duen Nikolasen bizitzan hasiera-hasieratik, bertsolariekin izan duen harremana, gai-jartzeko lanak eta epaimahaiko gorabeherak eta... Horiek denak azaltzen dira, eta, gero, nola ez, berak egindako hainbat eta hainbat bertso ere bai. Ikaragarrizko gurdikada osa daiteke Nikolasek egindako bertsoekin".

Urartek, azkenik, adierazi du "inork" ez duela "Nikolasek moduan ardi latxa defendatu eta goratu, orain Euskal Herriko ikur bilakatu den hori".

Liburuan jasotako eta jaso gabeko ugari azaldu dituzte Arantzazun egindako aurkezpenean, hamaika pasadizo barregarri izan dira tartean, eta berbaldiak bertso eta kantuz tartekatu dituzte, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin eta Oñatiko Ganbara abesbatzarekin.

Aretoa bete dutenen artean izan dira liburuan lekukotza utzi duten hainbat eta hainbat lagun ere.

Erlazionatuak

Nikolas Segurolaren hiru alderdiak liburuan jasota

Aitziber Aranburuzabala 2016 aza 24 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak