Inoiz baino lehenago eta nobedadez josita. Hala helduko da Durangoko Azokako 51. aldia. Abenduaren 2tik 6ra bitartean egingo da eta aurtengo kulturaren plaza ez da iazko urteurren borobilaren itzalean geldituko. Datuak begiratzea besterik ez dago horretarako: 349 nobedade, 246 erakusleiho eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago izango dira bost egunez. Kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, umeendako jarduerak, tailerrak, ikuskizunak eta abar. Hori guztia, 700 metroren barruan eta bost minutuko distantzian.
Gerediaga Elkarteko Nerea Mujikak gaur prentsaurrekoan azaldu duenez, dena prest dago jada aste bi barru Durango kultur hiriburu bihurtzeko: "Zuek etorri, guk prest izango dugu dena. Erakustokiak kultur produktuz gainezka izango ditugu, dozenaka talde arituko dira taula gainean, hamarnaka proiektu digital, ikus-entzunezko pieza eta antzezlan ezagutzeko aukera izango dugu".
Guneak
Plateruena Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan, Azokako guneetako arduradunek ere parte hartu dute, aurtengo nobedadeez inguratuta.
Areto Nagusiaren programazioa, esaterako, azokako partaideen zabalkunde lanen aurkezpenek eta Gogoetaren Plazako solasaldi eta mahai-inguruek osatuko dute.
Ahotseneako zuzenekoen karpan 70 musikarik eta musika-taldek aurkeztuko dituzte euren lanak kontzertu formatuan, eta solasaldi gunean, 50 sortzailek baino gehiagok hartuko dute parte.
Plateruenako programazioa, ostera, Willis Drummondekin hasiko da eta Zea Mays, Hesian, Skakeitan eta Bide Ertzean izango dira.
Irudienean, Kabi@n, Saguganbaran eta Szenatokian ere programazio anitza izango da egun guztietan zehar, eta hori guztia Azoka Telebistaren bitartez jarraitu ahal izango da edozein tokitatik.
Goiena da euskal hedabideen arteko elkarlana sustatzeko sortu zen gune horren kudeaketaz arduratzen dena eta Landakon bertan izango den platotik hainbat saio eskainiko dira zuzenean. Halaxe adierazi du Azoka TBko arduradun Oihane Agirrek: "Azokak irauten duen egunetan eta ordutegian emisio jarraitua eskainiko du euskarazko toki telebistetan eta streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunean. Hala bost egunez martxan izango den kanal tematikoa izango da honakoa, euskal kulturaren gaineko euskarazko edukiekin osatua %100ean".
Argizaiola saria
Aurten 25. urtez banatuko den Argizaiola omen-saria nori banatuko zaion ere azaldu dute gaurko aurkezpenean: euskararen eta euskal kulturaren alde lan egin duten “inurriei” eskainiko zaie, hain zuzen, Nerea Mujikak azaldu duenez.
Honako hauek jasoko dute saria: Justo Alberdi bizkaitarrak, Jaime Albillos gipuzkoarrak, Nafarroako Mari Karmen Belazak, Ipar Euskal Herriko Patxika Erramuzpek, Kepa Mendia arabarrak, eta diasporaren izenean, Jose Ramon Zengoititabengoak.