Tokikom jardunaldiak

Ekin diete Tokikom jardunaldiei

Mirari Altube Arrese 2016ko aza. 14a, 10:00

Komunikazio lokala esparru globalean izenarekin abiatu dituzte Tokiko komunikabideen lana balioan jartzea helburu duen jardunaldiak. 150 lagun elkartu dira Garaia gunean lanerako gogotsu eta ondo etorria egin diete Urko Aristik (Tokikomeko lehendakaria), Maria Ubarretxenak (Arrasateko alkatea), Mikel Irizarrek (GFA Hizkuntz Berdintasuneko zuzendaria) eta Jokin Azkuek (HPS).

Aristik aipatu du aurki bost urte beteko dituela Tokikomek: "Mahai baten inguruan ospatu gura genuen urteurrena, elkarrekin, eta hemen gaude". Erronkak betetzen doazela aipatu du: zubiak estutu herri komunikabideen artean eta agintariekin eta sektorearekin solaskidetza landu. "Badugu zer hobetu eta bidea egiteko dugu oraindik", gaineratu du eta  "iparrorratza zehazten dabiltzala eta erronkak landu" behar direla orain gogorarazi du. Eta hain zuzen, horretarako elkartu direla Arrasaten.

Ubarretxenak adierazi du tokiko komunikabideak ezinbesteko komunikazio kanal bihurtu direla, "tokiko erakundeen eta herritarren arteko euskarri nagusi bilakatu dira". Eta gaineratu du: "Bertako hizkuntza sustatzen lan eskerga egiten dute" esan du eta oso harro sentitzen dela herri komunikabideetaz eta horiek egindako lanarekin gaineratu du.

Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Irizarrek, Arrasate Press eta Arrasate Komunikabideak izan ditu gogoan besteak beste, eta "etxean sentitu da". 90eko hamarkadan egindako lana gogorarazi du "proiektu anbiziotsua", eta orduan irabazitako legez, hurbileko komunikazioaren esparrua irabazi beharra dagoela euskararentzat adierazi du. "Hurbiltasuna oso garrantzitsua da" esan du, eta dagoen lekutik laguntzeko gertu agertu da.

Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Azkuek adierazi du ez dela alferrik lan egin 30 urteotan. Informazioa oinarri kontsumitzaileak gehitzea dela komunikabideen helburua gogorarazi du, eta horretarako giltzarria eraginkortasuna. Horri laguntzea komeni dela ere gaineratu du. Euskal hiztunen komunitatea trinkotzeko "ezinbestekoa dela eraginkortasuna" berretsi du, eta irismena kontuan hartu behar dela, baikoitza bere eremuan. Hedabideak gero eta hiztun masa handiagora zabaldu gura dira eta "hori helburu egingarria dela badakigu". Euskararen erabilera areagotzeko gurpil garrantzitsuak dira hedabideak: "Jardunaldi interesgarriak antolatu dituzue eta berritasun handikoak, izan daitezela erabilgarri egunerokorako", bukatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak