"Komunikazio arloan eta batez ere, tokiko komunikazio arloan diharduten profesionalei zuzenduta egongo dira jardunaldiok", azpimarratu du Alaitz Artolazabalek, Tokikomeko zuzendariak. "Profil ezberdinetako jendeari zuzenduta daude, baina, betiere, komunikazioaren sektoreak bizi duen aldaketa honetan berritzaile edo berrizale izan nahi dutenei: kazetariak, komertzialak edota teknologia berrien inguruan buelta bat ematen ari direnak", zehaztu du.
Batez ere bi helburu izango dituzte jardunaldiek: "Batetik, euskarazko toki komunikabideek duten egiten lana balioan jartzea, eta, bestetik, etorkizunean ere balio hori eskaintzen jarraitu ahal izateko nolabaiteko gakoen gainean hausnarketa bat egitea", azaldu du Artolazabalek.
Edukiari dagokionez, azpimarratu du oso saio "dinamikoak" izango direla, eta eguneroko gauzetan zentratutako esperientzia praktikoak eta adibideak jarriko direla mahai gainean.
Tokikom Sariak
Aurkeztutako 104 lanak hiru kategoria ezberdinetan sarituko dira: azal onena, eduki onena eta ikus-entzunezko onena.