Berrikuntza eta gizarte antolatuarekin elkarlana oinarri dituen Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, 600.000 euroko diru-laguntzak bideratu ditu foru erakundeak adinduen atentzioa, etorkinen inklusioa eta kontziliazioa bezalako esparruetan esperientzia pilotuak garatzera.
Guztira 71 egitasmo aurkeztu dira deialdira eta Markel Olano diputatu nagusiak balio kuantitatibotik haratago proiektu hauen balio kualitatiboan jarri du azpimarra: “Erakunde bezala biharko erronkei erantzutea dugu helburu, eta aukeratu berri ditugun 14 proiektu hauek ere Gipuzkoaren transformazioa dute xede esperimentazio aktiboaren bitartez”.
Bailarako eragileek presentzia handia dute aukeratutako zerrendan. Hain zuzen, honako eragileek bultzatutako proiektuak lagunduko dira diruz: Isea kooperatiba, Huhezi eta GOIENA, Oñatiko Udala, Emun kooperatiba, Ekai Center eta LKS.
Olano hedabideen aurrean agertu da gaur, astelehena, esleitutako diru-laguntza hauen inguruan berri emateko. Bere ondoan izan dira Sebas Zurututza Kudeaketa Estrategiako zuzendari nagusia eta hautatutako bi proiekturen atzean dauden eragileen ordezkariak, Elhuyar eta LKS.
Etorkizuna Eraikiz bi lan eremu nagusitan banatzen da. Alde batetik, GipuzkoaLab, ekonomia, gizarte eta kultura arloetako esperientzia pilotuak martxan jarriko dituena. Saiakera hauek ebaluatu ostean, ondorioak politika errealean txertatuko dira, eta hemen kokatzen dira gaur aurkeztutako diru-laguntzak. Bigarren zutabeak Gipuzkoa Taldean izena hartzen du, gizarte antolatua proiektuan inplikatuko duena. Gobernantza eta gogoeta organo hau eremu anitzetako 60 ordezkarik osatzen dute eta Gipuzkoa 2026 Plan Estrategikoa osatzea dute xede.
Gipuzkoatik zein kanpotik etorri dira proposamenak
Azken hilabeteetan Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz programaren kontrastea egin du lurraldeko gizarte antolatuarekin, egitasmoaren edukia 1.000 herritarri baino gehiagori zuzenean helaraziz: unibertsitateak, garapen agentziak, eragile pribatuak, elkarteak… Orain “jauzi kualitatiboa” egiteko ordua iritsi dela azaldu du Olanok, esperimentazio praktikoko ariketak gauzatuz. Gainera, aurreratu du Gipuzkoa Taldean egiten ari den hausnarketa prozesuak datozen asteetan amaituko duela bere lehen fasea, datorren urtean jorratuko diren proiektuak identifikatuz.
Diputatu nagusiak deialdiak izan duen harrera ona nabarmendu du, Gipuzkoa zein lurraldetik kanpoko 71 proiektu aurkeztu direla balioan jarriz.
Etorkizuna eraikiz egitasmoaren bitartez “erlazio diplomatikoetatik benetako lankidetzara” pasa nahi duela esan du Olanok. “Bat egin nahi dugu Gipuzkoan antolatuta dauden eragile nagusietan dauden pertsona eraginkorrekin eta benetan eguneroko lanean pisuzko erabakiak hartzen ari diren horiekin”, azaldu du. “Denon ekarpenak dira beharrezkoak, eta tresna berri eta berritzaile honen bitartez bideratu nahi dugu Gipuzkoaren geroaren eraikuntza”, esan du. Zentzu honetan, gaur aurkeztutako proiektuak bereziki norabide honetan eragin nahi dutela adierazi du.
Gipuzkoatik zein kanpotik etorri dira proposamenak
Sebas Zurututzak 14 proiektu aukeratuak aipatu ditu labur. Debagoieneko eragileenak hauek dira:
- Isea kooperatiba: Basque Culinary Centerrekin batera, Jakiberri proiektua aurkeztu du. Janari lasterraren aurka, bertako nekazaritza produktuak bultzatuko dira.
- Emun kooperatiba: berdintasuna eta kontziliazioa bultzatzeko ahalegina enpresa munduan.
- Usurbilgo eta Oñatiko udalak: gobernantza publikoaren inguruan egiten diren deialdien inpaktua neurtuko da.
- Huhezik bi proiektu aurkeztu ditu, horietako bat GOIENArekin, ikus-entzunezkoen alorrean; bestea, garapen komunitarioaren eta gobernantza modu berrien inguruan.
- Ekai Center fundazioa: politika teknologikoaren inguruan Alemanian ze lanketa egin diren aztertu eta hori aplikatzea Gipuzkoan.
- LKS: Zahartzaroaren kontzeptua berria aintzat hartuta, modu asistentzial berriak lantzea.