Saharaldeba izeneko elkartea modu ofizialean arituko da aurrerantzean

Eneko Azurmendi 2016ko aza. 3a, 14:37

Debagoieneko kolektibo sahararraren elkartea da eta helburu nagusiak dira gizarte ezberdinen arteko integrazioa bultzatu eta gizarteko arlo guztietan eragitea; horretarako, zenbait erakunde eta alderdi politikorekin harremanetan jarriak dira.

Badira hilabete batzuk, Debagoieneko sahararren elkartea sortu zela eta orain, urrats bat aurrera eman du. Izan ere, ofizialtasuna lortu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespena jaso ostean. Hori horrela, Saharaldeba izena edukiko du aurrerantzean elkarte honek.

Saleh Salek elkarteko kidearen esanetan, gizarte ezberdinen arteko integrazioa bultzatzea eta gizarteko arlo guztietan eragitea da Saharaldebaren helburua. "Gizarteko arlo guztietan eragitea da gure asmoa: arlo kulturalean, politikoan, sozialean…Kultura ezberdinen arteko zubia izan nahi dugu, eta hemen gure kultura gehiago ezagutu dezaten saiatuko gara, nahiz eta dagoeneko ezagutzen duten", azaldu du Salekek.

Alderdi politikoekin lan

Salekek nabarmendu du bailarako sahararren kolektiboa handia dela, kontuan hartzekoa.Horregatik, erakunde eta eragile ezberdinekin elkarlanean aritzeko prest daudela gaineratu du, baita alderdi politikoekin ere. "Aretxabaletako EH Bildurekin egon gara, baita Arrasateko Podemosekin ere, eta alderdi gehiagorekin ere biltzea da gure asmoa. Hala ere, bereziki EH Bildurekin egingo dugu lan. Zehaztu dugu bailara mailan elkarlanean arituko garela eta udaletxe bakoitzean kontaktua edukiko dugula. Gure proposamenak entzun eta laguntzeko prest azaldu dira", dio.

Saharan, egoera zail

Bestalde, elkarteko kideak gogorarazi du Saharan bertan bizi duten egoera oraindik ere ez dela samurra, eta ez dela horretaz hitz egiten. Horregatik, gaineratu du ezin direla geldi egon. "Mugitu egin behar gara, izan ere, askotan, herri txikiak lo hartuz gero, handiek jan egiten dute. Eta hori ez da bakarrik Saharan gertatzen ari, beste hainbat lekutan ere bai", aldarrikatu du.

Domekan, urteurrena

Azaroaren 6an, domeka, Marokok Sahara mendean hartu zueneko Martxa Berdearen 41. urteurrena betetzen da. Hori dela eta, manifestazio bat egitekotan ziren, baina eguraldi txarra aurreikusten denez, atzeratzea erabaki dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak