Anna Gabriel: "Ezinbestekoa da parlamentuan emakume feministak egotea"

Maite Txintxurreta 2016ko urr. 29a, 12:30

Onintza Enbeitak Anna Gabriel elkarrizketatu zuen atzo Kulturaten, Arrasateko Emakume Txokoak antolatutako Emakumeak protagonista saioan. Militantziaz, feminismoaz eta iritzi publikoaren fokupean egoteaz mintzatu zen CUPeko parlamentaria, eta areto nagusian jende asko batu zen hangoak entzun eta parte hartzeko.

Onintza Enbeita Maguregi EH Bilduko parlamentari izan da Madrilen, eta, horrez gain, bertsolaria ere bada. Politika eta gizarte arloetan lehen lerroan egotea zer den badaki, beraz, atzoko bere elkarrizketatuak bezala. Anna Gabriel Sabaté CUP (Candidatura d'Unitat Popular) alderdiko diputatua da iaztik Kataluniako parlamentuan, eta luzaroan dihardu militantzian.

Emakume protagonisten papera

Enbeitak galdetuta, lehen lerroko politikaria eta ezkerreko emakume feminista eta independentista izatearekin lotutako esperientziez aritu zen Gabriel. Honekin lotuta, esaterako, adierazi zuen eskuineko alderdiak eta komunikabideak CUPekoek agenda politikoan sartu nahi duten oro "barregarri uzten" ahalegintzen direla. Adibidetzat jarri zuen Gabrielek berak umeak modu kolektiboan heztearen alde eginiko adierazpenen ostean jaso zituen kritikak: "esaten zidaten hori nioela inork ez lukeelako nahi nirekin ume bat izatea".

Hain zuzen, "emakume izate hutsagatik" esfera politikoan gehiago interpelatzen dutela dio Gabrielek: “Leku horietara iristean, lehenengo egin behar duzun gauza da gizonezkoei egiten ez zaizkien zenbait galdera erantzun. Esaterako, ia zauden tokira norbaitekin oheratzeagatik iritsi zaren, edota familia kontziliazioari buruzko galderak. Horrez gain, fokua zure gainean jarrita dago beti, gizonezkoen kasuan baino modu askoz ere ebidenteagoan. Guk beti justifikatu behar dugu gure kurrikuluma, nola iritsi garen iritsi garen tokira, gure kausak… “.

Gerora, gizonezkoak eta emakumezkoak epaitzeko modua ere desberdina dela dio CUPeko kideak: “Desberdin epaitzen gaituzte. Gure fisikoa, gure janzkera, gure gorputza… epaitzen dute, baita gure ideologia ere. Presio handiagoa daukagu emakumeok.". Hausnarketa horrekin bat dator Enbeita: “Sistema honek andreak behar ditu etxeko lanak egiteko, eta inoiz plaza publikora irteten badira, gizonari gustatzeko. Orduan, klabe horretan pentsatzen dutenek, uste dute fisikoarekin sartuta mindu egingo gaituztela”.

Gaur egun politikaren lehen lerroan dauden emakumeen paperaren inguruan, honako hausnarketa egin zuen Onintza Enbeitak: “Nik uste dut arazoa dela guk protagonismoa hartzen dugula beti feminismoaren inguruko gaietan, edo teorian gureak diren gai horietan. Hori be bada oztopo bat, nik ere protagonismo hori izan nahi nukeelako, esaterako, aurrekontuei buruz berba egiten denean”.

Feministak ordezkaritza ganberatan

Ordezkaritza ganberatan emakume feministak izatea “guztiz beharrezkoa” dela dio Gabrielek, nahiz eta oraindik halako gutxi egon: “Berdintasunaz hitz egitera ausartzen diren emakumeak gutxi dira, eta feminismoaz ari garenok, berriz, oso oso gutxi”. Feminismoaz hitz egitean molestatzen ari zara, patriarkatuaren agenda politikoan aurreikusita ez dauden gaiez ari zara, eta hor hasten da zigorra, dagokizun lekura itzul zaitezen; hau da, emakume sumisoaren lekura”.

Onintza Enbeita ere iritzi berekoa da. Berriki eratutako Eusko Legebiltzarrean lehengoz gizon baino emakume gehiago egoteaz galdetuta, honakoa adierazi zuen: “Poztekoa da historian lehen aldiz Legebiltzarrean gizon baino emakume gehiago egotea. Hori garrantzitsua da ikusgarritasunaren ikuspuntutik. Beste kontu bat da ea emakume horietatik zenbatek dituzten betaurreko feminista horiek feminismoa transbertsalitatez sartzeko parlamentuan”.

CUP, "kultura politiko berria"

Atzoko elkarrizketan, Anna Gabrielek esan zuen bera parte den alderdiak "kultura politiko berri bat" ordezkatzen duela. Hala, azaldu zuen haien funtzionamendua "horizontala" dela, eta ez dela hierarkian oinarritzen: "Artur Mas inbestitu ala ez erabakitzeko, prozesu asanbleario bat jarri genuen martxan. Bertan, berba egiteko txanda eskatzeko sistema berezi bat prestatu genuen, emakume eta gizonen parte hartzea orekatua izan zedin".

Dena den, onartu zuen CUPen baitan ere badagoela parekidetasunaren arloan zer hobetua. Esaterako, esan zuen bozeramalea emakumea izan beharrean gizona balitz, zenbait gai ez lituzkeela "horren sutsuki" defendatuko, "abortuarena kasu, beraiek ez dutelako sekula abortatu beharrik izango".

Feminismoaren gorakadarekin "baikor"

Elkarrizketaren amaieran ikusle batek egindako hausnarketari jarraiki, Gabrielek esan zuen azkenaldian gertatzen ari den "feminismoaren gorakada" pozteko modukoa iruditzen zaiola, eta "baikor" dagoela. Nabarmendu du neska gazte ugarik erakusten dutela generoaren gaiarekiko interesa eta debate asko sortzen ari direla klabe horretan; era berean, "txalotzekoa" iruditzen zaio azkenaldian gazte mugimenduak feminismoa lehen lerroan kokatu izana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak