Bertako eta atzerriko familien harremanak sendotzeko "Bizilagunak" programa aurkeztu dute

Ibon Carmona 2016ko urr. 28a, 16:45

Bertako eta atzerriko jatorria daukaten familien arteko zubia eraikitzea helburu izanik, Elkarhezitzen elkarteko kideak Bizilagunak ekimena aurkeztu zuten atzo. Egitasmo horrek, bi aldeetako familiak elkarrekin bazkaltzea proposatzen du. 

Atzerritarren eta bertakoen arteko ezagutza sustatzeko eta haien arteko bizikidetza baldintzatzen duten aurreiritziak gainditzeko helburuarekin, Bizilagunak ekimena aurkeztu zuten atzo Elkarhezitzeneko kideek.

SOS Arrazakeriak sustatutako ekimena da, eta bertakoen eta atzerrikoen arteko zubiak eraikitzea bilatzen du. Horretarako, bi aldeetako familia ezberdinak mahai inguruan elkartuko dira batera bazkaltzeko. Bazkari horiek azaroaren 13an egingo dira.

Kulturate aretoan eginiko aurkezpenean, "familia" kontzeptua zentzu zabalean ulertu behar dela adierazi zuten. Bada, bizitza partekatzen duten pertsonak, pisukideak, lagunak, amak alabak, eta beste eratako pertsona taldeek har dezakete parte bazkarietan. Horiekin batera, dinamizatzaile bat ere bazkarietan egongo da antolaketa lanetan laguntzeko. 

Izen-ematea zabalik

Aurtengoa bazkari horien bosgarren edizioa izango da, eta gero eta herritar, elkarte eta erakunde gehiagok hatzen dute parte. Sarea hazten ari den arren, egitasmoan parte hartzeko gonbitea luzatu zieten tarte on bat pasa eta Bizilagunak taldearekin bat egin nahi duten guztiei. Izen emate epea zabalik da, horretarako hiru bide izanez: www.mugak.eu webgunea, sosracismobizilagunak@gmail helbide elektronikoa eta 943 32 18 11 telefono zenbakia.

"Gipuzkoa Solidarioa" gala azaroaren 13an

Bizilagunak ekimena aurkeztearekin batera, Gipuzkoa Solidarioa galaren gaineko azalpenak eman zituzten atzoko prentsaurrekoan. Gala hori bazkarietan parte hartuko duten pertsonen bilgune izango da, eta azaroaren 17an ospatuko da Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Aurkezpenari amaiera eman aurretik, azken edizioetan programan parte hartu duten familiek beraien esperientziak azaldu zituzten.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak