"Jakitea bere arbasoak, bere aurrekoak, non eta ni bizi naizen baserrian jaio zirela! Pozik hartzeko gauza izan zen". Angiozarko Zabaleta Azpikoa baserriko Juan Mari Alberdiren berbak dira. Zabaletatarren ostean beste zenbait jabe ere izan eta gero, azken belaunaldietan alberditarrena da etxea. Che Guevararekin (Argentina, 1928-Bolivia, 1967) odol loturarik ez, baina haren arbasoetako bat gaur egun eurena den etxean jaio zela jakitea harriduraz eta "izugarrizko ilusioz" hartu zuten berak eta Mariasun Oianguren emazteak –eta gainerako senideek–.
ETBren Origen saioari esker jakin ahal izan zuten honen guztiaren berri. Ernesto Che Guevararen jatorri euskalduna hartu zuen aztergai programak, eta haren anaia gazteena gonbidatu Euskal Herrira. Ez da Zabaleta guevaratarren euskal jatorriko abizen bakarra; Guevara bera, noski, eta Llosa ere bai. Arabako herrira eraman zuten Juan Martin, baita Zierbenara ere –amaren bigarren abizen Llosari segika–, eta, nola ez, alberdi-oiangurendarren Angiozarko baserrira.
Beharrak eraginda Ameriketara
Arazo ekonomikoak tarteko, 1707an utzi zuten zabaletatarrek Angiozarko baserria. Francisco Antonio Zabaletak ameriketara alde egin zuen. Haren berri bazuten guevaratarren etxean, eta ETBren saiorako egindako aurre-lanketan, Gipuzkoako Protokoloen Artxiboan, Oñatin, topatu zuten Francisco Antonioren eta haren familiakoen gaineko informazioa. Dokumentuak aztertuta, baieztatu ahal izan zuten guevaratarren arbaso hura zela Angiozarko baserriko bera. Francisco Antonioren ahaide Domingoren testamentua, horren adibide; horrela dio pasarteetako batean –beheko argazkian nabarmenduta–: ... Sepan cuantos esta escritura de testamento y última voluntad vieren, cómo yo, Domingo de Zabaleta, dueño de la casa y solar de Zabaleta de Abajo...
Itzultzeko gonbidapena
Martxoan egin zuten saioaren grabaketa –aurreko astean eman zuten–. Kameraz kanpo, nahi beste ezin izan zuten Juan Martinekin jardun: "Gizon oso jatorra ikusi genuen". Eta gonbidapena egin zioten, nahi duenean itzultzeko: "Esan genion hemen baduela etxe bat". Bere arbasoetako batena izan zen etxea; eta nork daki etxeak berak ez ote dituen bertakoak, bai lehen eta bai orainago, iraultzara bideratu edo harekin lotu. Orain ia 40 urte, halaxe, Iraultza, deitu baitzuten Juan Marik eta Mariasunek euren seme-alabetako bat.