UFFFren kutxa zerga bilketako diruaz osatzen da, eta bilketa aurreikuspenak jaitsi egin direnez (iaz baino % 5,5 gehiago batzea aurreikusten zen eta % 3,18 gehiago batu da orain arte, aurreikusi baino 96 milioi euro gutxiago), udalek % 1,52 gutxiago jasoko dute. Milioi eurotan, aurtengo UFFFren aurrekontua 452koa izango da. Dena dela, 2016ko ekitaldikoa baino % 3,66 handiagoa izango da diru-poltsa hori.
Foru aurrekontuetan, 10,6 milioi gutxiago
Diru bilketa txikiagoaren beste ondorio bat da Foru Aldundiaren aurrekontua txikitu egin behar izan dela: 813 milioiko aurrekontua zuen eta % 1,3 murriztuko da, hau da, 10,6 milioi gutxiago. Olanok azaldu zuen % 1,3ko murrizketa hori urtero-urtero aurrekontuak ez exekutatzeak suposatzen duena baino txikiagoa dela eta, beraz, murrizketarik ez dela “igarriko”.
Urte bukaerarako aurreikuspen berriak jakinarazi zituen atzo Markel Olanok Batzar Nagusietan: 4.234 milioi euro batuko dira urte bukaerarako, iaz baino 130 gehiago, baina aurreikusten zena baino 96 gutxiago.
EH Bildu: "Desbideraketa oso larria da"
Jabier Larrañagak gogorarazi zuenez, joan den otsailean (iazko ekitaldiaren likidazioa egiteko unean), udalek aurreikusi baino 7,4 milioi jaso zituzten, eta “zuhurtzia eskatu” zieten foru arduradunek.
Olano eta Larrañaga agertu ondoren, alderdiek galderak egiteko aukera izan zuten. EH Bilduk esan zuenez, Sozietateen gaineko Zerga % 5,7 txikitu da iaztik, eta Xabier Olanok azpimarratu zuen “2007an bildu zenaren erdia” biltzen ari dela eta “aurrekontua exekutatzeari uztea zeharkako murrizketa bat” dela. Aurrekontuetako desbideraketa “oso larria” dela ere esan zuen Xabier Olanok.
PSE-EEko Julio Astudillok esan zuen “zerga-bilketa ahalmena hobetu” behar duela Gipuzkoak eta legean dagoen “oreka eza zuzendu”.
Ahal Duguko Jone Cisneros ordezkariaren esanetan, “ekonomiaren oneratzea ez da sinestarazi nahi diguten adinako azkarra edo benetakoa”.
PPk galdetu zuen nola dagoen Ekarpen Lege berriaren negoziazioa; zirriborroa joan den abenduan aurkeztu zen. Horri erantzunez, Olanok esan zuen “Foru Aldundiak lurraldearen interesak defenditzeko konpromiso irmoa” duela, baina legeak aurrera egiteko “babes politikoa behar” dutela ere. PPko ordezkari Juan Carlos Canok euren babesa izango duela ulertzera eman zuen.